GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabin Makazaga, 2011/6/16 (BERRIA)

Borroka, pilotaren alde

Xalak jokatuko du buruz buruko esku pilota txapelketaren finala. Kirol lehian irabazitakoa bulegoetako zentzugabekeriak galzorian jarri zuen, baina aurrez hartutako erabakia aldatu eta finala uztailaren 3a arte atzeratzea onartu du orain EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligak. Xalak badu bere finala.

Erratzen ez dena ona dela esan ohi da, eta, erratu ondoren okerra zuzentzen asmatzen duena, hobea. Baina, kasu honetan, EPELi buruz ezer onik esatea lan zaila da. Enpresen esanetara makurtu da beti, unean uneko interesen araberako erabakiak hartuz. Aimar Olaizolaren aurkako finala Xalak jokatu beharrean Bengoetxeak jokatuko zuela onartzean -finalerdietan kanporatu zuten-, Xala kaltetu zuen. Eta orain, erabaki zuzena hartu arren, kaltea Bengoetxeari egin dio. Eta Barriolari.

Aldrebeskeria horrek balio izan du, behintzat, Xalaren adorea eta Aspeko pilotarien elkartasuna agerian uzteko. Erabaki bidegabe bati aurre egin zion Lekuineko pilotariak, eta borroka egitea erabaki zuen: bere interesen alde, bai, baina pilotaren alde ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo