Irati Irizar Alvarez Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza ikaslea
Elitera goazenak
Orain hezkuntzan ere korporazioek ezartzen dituzte arauak, eta gure formazioa haien esanei men egitean oinarritzen da
Ekainean Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza graduko talde gehienetako ikasleok kurtso amaierako POPBL proiektua burutzen dihardugu. Bolonia planarekin batera unibertsitatean abian jarri zen ikasketa-metodo berri hau arazora bideratutako eta proiektuetan oinarritutako talde lanean datza, eta urte batzuk daramatza atzerriko hainbat unibertsitateetako ikaskuntza-sistemetan txertaturik. Arazoak errealak dira, enpresen zein produktuen garapen eta berrikuntzari lotuak, hain zuzen ere. Unibertsitatean irakasteko erak zeharo aldatu dira, eta plan berrian etengabeko ebaluazioak eta irakaskuntza praktikoak pisu handia dute. Azken horren adibide garbia da POPBLaren metodologia: eginez ikastea, funtsean.
Proiektuak hainbat xede omen ditu, hala nola ikasturtean zehar ikasgai ezberdinetan emandako edukiak praktikan jartzea, eta ikasleon arteko komunikazio eraginkorra sustatzea. Baita azalpenak ematen ikastea ere; izan ere, lana irakasleen zein ikasleen aurrean aurkeztu behar da; euskaraz, erdaraz eta ingelesez.
Aurkezpenaren ostean, irakasleek hobetu beharreko arloak adierazten dizkigute; eta joan den astean, zenbait taldekideren janzkerari buruzko oharra eman ziguten: txandala, praka motzak, errebindikazio-mezuren bat duten niki edota jertseak eta, oro har, planta formalaz aldentzen den edozein jantzi desegokia dela eta, beraz, aurrerantzean baztertu egin beharko ditugula unibertsitatean gisa honetako aurkezpen bat egiterakoan. Harri eta zur geratu ginen, haserre aurpegiz gehienok, baina inor gutxi oldartu zen estetikaren inposizioaren aurka.
Inposaketa hau unibertsitate mailan ematen ari den bilakaeraren isla da. Gero eta ilunagoa aurreikusten den etorkizuneko lan munduan itxurak eta estatusak berebiziko garrantzia dute. Hori dela eta, hezkuntza-zentroetako gaitegian sartu dira dagoeneko. Proiektua, azken batean, profesional bezala goizago ala beranduago izango ditugun eginkizunen simulazioa bezala uler daiteke; eta alde horretatik, formazio akademikoaren esparruan protokoloa ere kontuan hartu behar da. Paradoxa da, edonola ere, teorian pertsonon arteko harreman, partaidetza eta elkarlanean errotutako ikaskuntza-sistema batean irakasleek nola jantzi behar dugun esatea. Ikasleon erronka, bada, garbia da: lantzen ditugun produktu eta zerbitzuez gain, gu ere merkaturatzea eta, halabeharrez, geure burua saltzea.
Orain hezkuntzan ere korporazioek ezartzen dituzte arauak, eta gure formazioa haien esanei men egitean oinarritzen da. Elitera bideratutako heziketa-sistema eratzen ari da. Badirudi ikasleok lidergo eta gidaritza lanetara zuzendutako gutxiengo hautatua osatu behar dugula nahitaez. Unibertsitateen prestigioa ere elitearen baitan neurtzen da, eta titulu ofizialaren ordainetan irakaskuntza klasista baino ez daukagu jasotzerik. Garapena guztiaren gainetik goraipatzen den aro berri honetan ez al goaz ba pixkanaka atzeraka?
Ahaztu egin zaigu jada hezkuntza, bakar batzuen interesen arabera eraikitako prestakuntza akademiko soiletik harago doan zerbait ez ezik, eskubidea ere badela. Matrikula ordaintzen dugun guztion jomuga ez da inolaz ere etorkizunean izango dugun ustezko postua, baina egun, zoritxarrez, ez dago guztiona den eta guztiontzako egina dagoen unibertsitaterik. Hauxe gertatzen da enpresek hezkuntzan hatzaparrak sartzen dituztenean.