GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñera ere helduko da euskal presoen eskubideen aldarria

Euskal presoek jasaten dituzten muturreko egoeren amaiera eskatzeko eta euren Euskal Herriratzea aldarrikatzeko manifestaldia antolatu dute Nafarroako hiriburuan datorren uztailaren 3an. Presoen afera «larrialdi politikoa baino giza larrialdia» dela sinetsita daude asko eta askotarikoak diren Egin Dezagun Bidea ekimeneko sustatzaile nafarrak.
p020_f02_321x321.jpg

GARA |

Pasa den igandean Bilbon burututako manifestaldi jendetsua oraindik gogoan, euskal presoak Euskal Herriratzeko bidean urratsa eman nahi dute orain nafarrek eta manifestaldia deitu dute datorren uztailaren 3rako Iruñean. Presoen Euskal Herriratzea eta muturrezkotzat jotzen dituzten espetxe egoerekin bukatzea exijituko dute Golem zinemetatik eguerdiko hamabietan abiatuko den mobilizazioarekin.

Agerraldia eskaini zuten atzo Egin Dezagun Bidea ekimenaren sustatzaile nafarrek eta bi aldarrikapen horiek «larrialdi politikotzat baino giza larrialditzat» jo zituzten. «Hainbeste familiaren oinazea luzatzea ankerkeria da, eta lehenbailehen amaitu beharra dago horrekin. Gure ustez beharrezkoa da kalera atera eta gobernuei eskaera hori egitea», nabarmendu zuen Albret hotelean eskainitako prentsaurrekoan eledun lanak hartu zituen Jose Mari Conpains abokatu eta preso baten aitak.

Asko eta askotariko nafarrak bildu ziren mobilizazioa iragartzeko, izan ere, makina bat dira Egin Dezagun Bidea sustatzen dihardutenak. Kirolariak, artistak, osasungintzan edota hezkuntzan lan egiten duten lagunak, musikariak, preso ohiak, bertsolariak, idazle eta itzultzaileak, abokatu eta kazetariak daude tartean; bai eta Elizarekin edota Nafarroako herri mugimenduekin hartu-emana duten herritarrak.

Mobilizazioa iragartzearekin batera, herrialdeko eragile sozial eta politikoei manifestaldian parte hartzeko gonbit berezia egin zieten sustatzaileek, baita «gatazka konpontzeko bidean aurrera egiten jarraitzearen alde dauden pertsonei» ere.

Euskal presoen sakabanaketak ekarri dituen ondorio gogorrak gogora ekarri ondoren, «aski dela» esateko ordua heldu dela iritzi zioten. «Garaia da aski esateko, aski mendekua eta suntsitzea xede dituen espetxe politika honen aurrean», adierazi zuten Compains eta Castillo Suarezek aho batez.

Egun indarrean dauden espetxe politikak aldatzeko sasoia dela ere esan zuten. «Euskal Herriak duen gatazkaren irtenbideari begira jarri behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da euskal preso politikoek jasaten dituzten muturreko egoerak desagertzea», mahaigaineratu zuten biek.

Euskal presoek sufritzen duten dispertsio politikaz gain, biziarteko zigorra aplikatzeko aukera ematen duen doktrina, isolamendua, bakartzea eta preso gaixoek bizi duten egoera bera ere muturrekotzat jo zituzten. Uztailaren 3an Iruñeko kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioak, beraz, presoen Euskal Herriratzea eskatzeaz gain, honako aldarrikapenak egingo ditu: biziarteko kartzela ahalbidetzen duen doktrinaren derogazioa, isolamenduaren eta bakartzearen desagertzea, eta preso gaixoen, zigorra bete dutenen eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenen askatasuna.

Uztailaren 3ko manifestaldian milaka lagun biltzea espero dute deitzaileek; «presoen eta haien gertukoen eskubideak behingoagatik errespeta daitezen eskatzeko», argitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo