GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTri eta errepresioari ezezko borobila eman diote Hernanin goizetik gauera

k-AHT-eak txikitu! ekimenak antolatutako aldarrikapen egunak lagun andana batu zituen atzo Hernanin. AHTren kontra agertzean gain, egitasmoaren aurka borrokatzeagatik jazarritakoei elkartasuna adierazi zieten.

p021_f02_312x132.jpg

Oihana LLORENTE |

AHTren eraikuntzari ezezko borobila eman eta azpiegitura horren kontrako borrokan aritzeagatik errepresioa jasan behar izan duten lagunei elkartasuna helarazteko asmoz egun osoko egitaraua izan zuten atzo Hernanin k-AHT-eak txikitu! ekimenak antolatutako aldarrikapen egunean. Goizean goizetik ekin zioten protestari Hernanin, eta gauean Kontrakantxa gaztetxean antolatu zituzten kontzertuekin eman zioten amaiera hamarnaka lagun bildu zituen mobilizazio egunari.

k-AHT-eak txikitu! ekimenak deitutako lehen ekitaldia zen atzokoa eta antolatzaileak oso pozik zeuden izandako harrerarekin. Eguerdian egindako hitzaldian, «AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politiko eta historikoa» goiburua duen dosierra aurkeztu zuten. Azpiegituraren aurka aritutakoek sufritu duten kriminalizazioaren nondik norakoak jasotzen ditu txostenak, bai eta errepresio gertaeraren kronologia zehatza ere. AHTren aurkako borrokan ehunka errepresaliatu izan direla erakusten du gaurtik aurrera zabalduko duten txostenak.

Aldarrikapen egunari puntua jartzen ahalegindu ziren eguerdian Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Mancisidor bertsolariak, Ezkiaga pasealekuan egindako herri bazkarian. Arratsaldean, 19.00etan, eguneko hitzordu jendetsuena egin zen: «Ez errepresiorik, ez AHTrik» lelodun manifestaldia. Gauean, Kop eta Estricalla taldeen soinuekin agurtu zuten AHTren aurkako eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo