GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Barruan kanporik ez

Pasaiako portutik dator notizia, agintariren bat da jenioz bizia, beltzago dute orain kanpoko auzia, triste da bulegoan alai zen guztia.... Batzuentzat latza izan behar du, bai, derrigor, noiz eta maiatzaren osteko ekain honetan, zelan eta idatzizko alebosiaz, Bildukoak ez diren batzuek Pasaiako eko-portua omen zen kanpoko zer horren aldeko sutsuak lotsaren ertzean jartzen dituen txostena kaleratu berri izanak. Arazoa ez da, kontuak kontu, kanpoko zer hori erdira jaistea, edo laurdenera, edo kanpoko nanoportu bat egitea, arazoa da ez dela zertan kanpoan ezer berria izan barruko zaharra ganoraz berrizteko. Are gehiago, kanpokoa bere horretan uztea, burujabe, da botikarik onena barrukoan izaten diren garapen-gaitzentzat, kopagorik gabeko botika izan ere.

Filosofia kontua baino ez da, batzuek ohitura hartu dute, ohitura estrategiko, kanpora jotzeko barrukoaren irtenbide bila. Baina, barrukoa barrutik konpondu behar da konponduko bada. Gainera, irtenbide guztiak ez dira konponbide, ez eta urrik eman ere; horkonponbideak ere ez dira gurean faltan izan, zoritxarrez. Bildukoak izan ez baina euren artean bildu dira txosten-egileak, honetan eta hartan arituak diren adituak, portua bera barru-barrutik ezagutzen dutenak barne, gogoeta egin eta ondorioak plazaratzeko: barrukoa, barrutik barrurakoa. Ez ditut, baina, kanpo-portuaren aldeko fanatikoak oraingoan entzun, adituok Gipuzkoako lurraldea Erdi Arora eraman nahi dutela esaten. Tartean Bildu ez izanak asko moldatzen du batzuen lengoaia eta historia.

Jokaleku berria Pasaian seinale, ulertu ez dutenek dezatela galde, esku-hartzea orain da guztien alde, lehengoa bukatu da nahikoa zen bale!. Ez ninduke harrituko, denboraz, Bilduk Oriora balea ekarriko balu ere, trantsizioa trantsizio, jakina!. Eta horrela balitz, ez ninduke harrituko, balearen harira, jelkideek oposiziotik, ekaina oso luzea dela argudiatuz, zoo baten proiektu bat, estrategikoa, dudarik ez, proposatuko balute kostarako, kosta ahala kosta. Portzierto, hain zentrista agertu nahian ibilita ez dakit zer duten horiek Erdi Aroaren aurka!. Tira, harira!. Paisaia aldatzen hastear da, Pasaian kasurako.

Eta batzuk ezohiko balkoitik plazara begira, haserretuak, karrika horietatik, denbora batean behintzat, seguru pasatuko ez diren zezenak gogoan, botere-minean. Lalala lala...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo