GARA > Idatzia > Mundua

Erradiazio tasa altuak ura garbitzeko sistema geldiarazi du Fukushiman

Uraren erradiazioa garbitzen duen makina aitzindaria ipini dute zentral nuklear japoniarrean, baina lanak ez doaz espero bezala. Zoritxarra gertatu zenetik 100 egun bete ziren atzo, eta ez dago, dirudienez, normaltasun zantzurik. Zentral guztiak martxan jartzea eskatu du Tokiok, ordea.

p036_f01_199X108.jpg

GARA |

Martxan ipini eta apenas bost ordura, Fukushimako zentral nuklearrean pilatutako uraren erradioaktibitatea gutxitu beharko lukeen sistema geratu behar izan zuen atzo Tepco enpresak, buxadura bat jasan ostean. Ostiral iluntzean ipini zuten martxan uraren birziklapenerako makina, eta, erradiazio maila altua tarteko, espero baino lehenago aldatu beharko dute zesio erradioaktiboa xurgatzen duen filtroa.

Martxan jarri duten sistema aitzindaria da munduan, eta Areva enpresa frantsesaren eta Kurion estatubatuarraren asmakizuna da. Batez beste, 50 tona ur garbitzeko gaitasuna ei du, hots, 1.200 tona eguneko; zentral nuklearrean gutxi gorabehera 110.000 tona pilatzen direla aintzat hartuta, hiru hilabetetan ur guztia araztea espero dute. Haatik, atzo izandako ezustekoa medio, lanak nahi baino gehiago luza litezkeela ere aitortu dute.

Kontua da behar-beharrezkoa dutela urak erradiaziorik ez izatea Fukushimako kontrola berreskuratu ahal izateko. Pasa den martxoko lurrikararen eta tsunamiaren ostean, itsasoko ura jaurti behar izan zuten zentraleko erreaktoreetan, neurrigabeko tenperaturak jaitsi ahal izateko; horrek, orain, buruhauste bat baino gehiago eragiten die, ezinezkoa egiten baitzaie erreaktoreetan sartzea. Halaber, zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak zenbaitentzat ulertezinak diren neurriak hartu ditu, kutsatutako ura itsaso zabalean jaurtitzearena, esaterako. Erabaki horrek kritika andana eragin ditu jendartean, talde ekologisten aldetik, batik bat.

Zentralak abian jartzeko nahia

Hondamendia gertatu zenetik 100 egun bete ziren atzokoan, eta, talde ekologistek deitoratu dutenez, artean ez dago normaltasun zantzurik Fukushimako zentralaren inguruetan.

Gaur-gaurkoz, Japonian dauden 54 erreaktoreetatik 35 daude geldirik, eta horrek ondorio tamalgarriak eragingo ditu herrialdeko hornikuntza elektrikoan, energiaren %30 eskuratzen baita sistema nuklearraren bitartez.

Horregatik, berehalakoak aurreikusten dituzten gabezien aurrean, erreaktore nuklear guztiak -Fukushimakoa salbu- abian jartzea galdegin zuen atzo Industria ministro Banri Kaiedak. Edonolako hondamendiak saihesteko behar beste neurri hartu dituztela ziurtatu du ministroak, eta, hortaz, erreaktoreak abian jartzeko gertu direla dio. Herritarrek errezelo ugari dituzte, ordea, aukera horrekin, istripuen beldur baitira; are gehiago Fukushiman gertatutakoa ikusita.

Gobernuak, ostera, ataka zailago bat gainditu beharko du, tokiko administrazioena, oraindik ez baitute beldurra gainetik kendu. Fukuiko probintzia da eragozpen gehien ipintzen dituena; hamahiru erreaktore daude bertan. Kaieda ministroa prest agertu da erregioz erregio, herritar guztiei, azalpenak emateko.

Aurreikuspen falta egotzi dio IAEAk Japoniako Gobernuari

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak aurreikuspen falta eta gabezia larriak izatea egotzi dio Japoniako Gobernuari, pasa den martxoaren 11n lehertutako krisi nuklearra saihesteko behar besteko neurri ez zituela leporatuz. Hainbat adituk egin duten bisitaldiaren ondoren, auzia aztertzen duen txostena osatu du IAEAk, eta, Reuters albiste agentziak dioenez, hitz gogorrak darabiltza nazioarteko erakundeak Naoto Kanen exekutiboarentzat. Hondamendi nuklear baten aurrean segurtasuna bermatzeko 2002an adostutako neurriak ez direla aski nabarmentzen du IAEAk, eta, hortaz, ezinbestekoa izango dutela egoera berriz ere aztertzea arriskuak saihesteko.

Txostenak dioenez, Japoniak gutxietsi egin zuen tsunamiek zentral nuklearretan izan dezaketen eragina; itsasotik babesten duen 5 metro inguruko horma du Fukushimak, eta noski, eskasegia da martxoko tsunamiak eragin zituen 14 metroko olatuei aurre egiteko. Krisia lehertu ostean ere hutsegite nabarmenak egin zituztela diote, baina, era berean, langileen adorea ere azpimarratzen dute agirian, «zaila baitirudi hartutakoak baino neurri hobeagoak har zitezkeela pentsatzea». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo