Euskadi eta Dusseldorfeko orkestra sinfonikoek izarpean egin dute bat
GARA |
Düsseldorfer Symphoniker orkestrarekin egindako trukeari esker, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Alemanian dabil kontzertuak ematen. Ostiralean hasi zuten bira Tonhalle aretoan, 1926an ireki zutenean munduko planetarium handiena izandakoan. 2005ean azkenekoz eraberritu zutenetik estaltzen duen kupularen kristalaren beste aldean zeru sabaia ikus daiteke oso-osorik, eta, bertan izan ziren orkestrako kideek kontatu zutenez, sentsazio ederra bizi izan zuten izarren azpian musikaz gozatuz.
Euskal eta alemaniar musikariak izarpean elkartu zirela diogu, baina ez kontzertu horregatik bakarrik. Bilboko Euskalduna jauregian ere, zuntz optikoko puntuz argitutako sabaiak zeru izartsua irudikatzen du, eta bertan eman zuen Düsseldorfer Symphonikerrek ostiralean Euskal Herrian egindako birako azken kontzertua.
Euskaldunei dagokienez, Tonhalle aretoan emandako kontzertua garrantzizkoa izanen da orkestraren ibilbidean. Hala adierazi zuten Andres Orozco-Estradaren zuzendaritzapean eta guztia eman zuen publikoaren babesean jo ondotik. «Egitaraua, sakona eta emoziozkoa, alemaniar entzuleria adituaren artean ikusmin nabarmena sortua zuen Arriagaren `Esklabo zoriontsuak' obraren oberturak ireki zuen. Eta jasotako txaloak ikusita, ez zuen hutsik egin», adierazi zuten. Gero, Shostakovitchen Biolontxelo eta Orkestrarako Lehenengo Zenbakia obra interpretatu zuten, Gautier Capuçon biolontxelo jotzaile frantziarra lagun.
Guridiren «Amorosa»
Jada bigarren zatian, Tchaikovsky eta bere Bosgarren Sinfoniak bete zituzten belarriak. Eta amaiera gisa eta berotasuna eskertzeko, Guridiren «Amorosa» eskaini zieten entzuleei. Orkestrak edonora doala ere berarekin eramaten duen obra hori hunkigarria gertatzen da beti, baita ostiralean ere. «Azken batean, sentimenduak nagusi gertatu ziren kontzertuan».
Azaldu zutenez, nazioarteko orkestrekin harremana izateari gero eta garrantzitsuagoa deritzote. Horren erakusle dira Orchestre National de Bordeuax-Aquitainerekin eta Orchestra Sinfonica di Milano Giussepe Verdi orkestrarekin egindako trukeak.