GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Arabako Herri Arteko Txapelketa

Amurriok jantzi ditu atzo horren beharrezkoak ziren txapelak

Aiara eskualdeko herriak bere historiako hirugarren garaipena lortu du Agurain 2-1 menperatuta.

p039_f01_199x108.jpg

Jon ORMAZABAL I

Pilotari guztien ametsek txapela izaten dute helburu, baina atzokoan kirolari ez direnek ere gustura jantzi izango zuketen kapelaren bat Laudioko Lamuza parkeko frontoian horren gogor jotzen zuen eguzkitik babesteko. Egunkari orriak, kamisetak eta baita guardasolen bat edo beste, era guztietako babeskiak erabili zituzten Arabako Herri Arteko Txapelketako finala ikustera hurbildutako pilotazaleek eguzki izpietatik babesteko. Hori bai, azkenean, bigarren urtez jarraian, txapela preziatuak amurriarren buruetara joan ziren: pronostikoak bete eta 2-1 menderatu zuten Agurain.

Atzo eguerdian Laudion egin zuen beroaz harago, Lamuza parkeko pilotalekuaren izaera bereziak markatu zuen ezbairik gabe Arabako Herri Arteko Txapelketaren finala. Frontoi irekia izateaz gain, baldosekin egindako lurra ere badu, eta, hala, pilotak hamaika bote txar eman zituen, tantoak alde batera eta bestera banatuz. Dena dela, espero zen bezala, indarrak ere parekatu zituen, eta, pronostikoak erabat bete ziren arren, Amurriok uste baino gehiago sufritu behar izan zuen, batez ere kadeteetan. Hori bai, txapela lehen bi partidetan erabaki zuten, kadeteetan ere garaipena eskuratu baitzuten.

Hasieran errazen

Giroa berotzeko txikienek jokatutako lehen partidaren ostean -Agurainek irabazi zuen atzelariaren erakustaldiarekin-, kadeteek eman zioten hasiera finalari. Hain zuzen ere, oreka gutxieneko partida izan zen.

Anaut Egiguren eta Mikel Murga aritu ziren Amurrioren aldetik eta erabat nagusitu ziren Pablo Campo eta Beñat Candelaren aurka (22-7). Aiarakoen aurrelariak bizi erabili zuen pilota, txaparen gainean moztuz Aguraingo pilotariei min handia eginez; hori bai, Murga atzelaria izan zen laukoteko pilotaririk onena, lehia guztian pilota bakar bat ere galdu ez zuelarik.

Finalaren giltza, dena dela, jubenilen partidan egon zen, eta ez bakarrik amurriarrek behar zuten bigaren puntua bertan eskuratu zutelako (22-17). Izan ere, Jokin Garcia eta Ander Uriarte aguraindarrek markagailua alde izan zuten partidaren lehen erdian. Guaristi-Elejalde amurriarrei kosta egin zitzaien Laudioko pilotaleku berezira behar bezala moldatzea, bereziki lekua bilatu ezinda ibili zen aurrelariari. Jokin Garciak bizi erabili zuen pilota, eta, Uriarte seguru zebilela probestuz, 10-13 aurreratu ziren aguraindarrak, finalaren norabidea zalantzan jarriz.

Dena dela, pixkanaka-pixkanaka gorriek partida bideratzea lortu zuten, batez ere partidaren zama bere bizkar gainean hartu zuen Elejalde atzelariak. Tanto bikain eta borrokatu baten ostean, 14-13koarekin jarri ziren lehen aldiz markagailuan aurretik amurriarrak, eta, zortzi tanto jarraian eginez, txapelak Amurriora bidean jarri zituzten.

Dena erabakita izan arren, David Kortaberria eta Endika Garciak aguraindarren ohorea salbatu zuten Aitzol Dorronsoro eta Iñaki Cuevari 22-18 irabazita. Partida gogorra izanagatik, irabazleek kontrolpean izan zuten beti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo