GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Gantza baino ukituko ez» duten murrizketak eta arazoari heltzeko borondaterik eza

Atzo, Gasteizko Gobernuko bozeramaile Idoia Mendiak murrizketa gehiago iragarri zituenean, esan zuen non ez duten moztuko: gizarte zerbitzuetan, soldata publikoetan, enplegua sustatzeko laguntzetan eta enpresarien laguntzetan. Murrizketak, haren hitzetan, «gantza ukituko du», baina «giharra eta hezurra ez». Atzoko iragarpenean erabilitako diskurtsoa, ordea, behin eta berriz entzun izan dute herritarrek. Murrizketak ez omen dituzte gizarte zutabeak ukitu behar, baina zutabe horiek ahuldu eta ahuldu ari dira, Osasun zerbitzuetan eta Hezkuntzan, esate baterako, nabarmena denez, eta horren ondorio dira sektore horietako langileen mobilizazioak. Uda ondoren, beraz, bigarren murrizketa plana hasiko du Gasteizko Gobernuak, zerga bilketa ez omen da-eta uste zuten bezain ona izan. Hala ere, euskal sindikatuek gogorarazi izan duten bezala, aberastasuna egon badago eta, beraz, baita gizarte zerbitzuak murriztu gabe iraunarazteko ahalmena ere. Borondate politikorik ez, ordea. Fiskalitate progresiboa ezartzeko aukera, esaterako, aztertu ere ez dute egin nahi, ekonomia hondoratzeko arriskua omen lekarkeelako, beren politikak arrisku hori saihestuko balu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo