GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Juan Garmendiak ondare saria jasoko du gaur

«Gozatu egiten dut ezagutzen ez dudan gauza bat jakitean»

p008_f01_250x140.jpg

Juan Garmendia Larrañaga

Etnografo eta Historialaria

1926an Tolosan jaiotako etnografo honek Gipuzkoako Aldundiaren Ondare saria jasoko du gaur, bere lan handiagatik, gizarteratzeko izandako eskuzabaltasunagatik eta kultura tradizionala jaso, sailkatu eta zabaltzeko bere ikuspegi irekiarengatik. Hanka bat landa lanean eta bertzea artxiboan, ekinean jarraitzen du oraindik, jakin-min ezin aseak bultzatuta. Bere etxean hartu gaitu, liburu eta paper artean.

Maider IANTZI | TOLOSA

Etnografoa, antropologoa, folklorean aditua, linguista, euskal kulturaren maitalea, langile aseezina... Hamaika adjektibo jartzen ahal dizkiogu Juan Garmendia Larrañagari, baina ikerketarekin lotuak denak, ezagutzen ez duen gauza bat ezagutzean gozatzen baitu, artxiboan arakatzen dabilela orrialde bat pasatu eta ezuste bat hartzean. Edo herri txiki batera joan eta norbaitek zerbait bitxia eta interesgarria kontatzean.

Aita Joxemiel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja edo Jorge Oteizaren lankide eta laguna izana, 1950ean hasi zen euskal kulturan barneratzen eta 70 monografiatik gora eta ehunka artikulu ditu idatziak. Obra zabala hagitz, orain digitalizatua eta edozeinen esku dagoena, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Ikaskuntzaren akordioari esker.

1998. urtean jaio eta beti bizi izan den herriko, Tolosako, seme kuttun izendatu zuten; curriculum zientifiko onenarengatik saritu zuten Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxak; eta Euskaltzaindiko ohorezko akademikoa ere bada.

Azken saria, Ondare, jaso aitzinetik egin diogu bisita etxera, eta hantxe aritu gara solasean liburutegi eder batean, bere lagun eta senideen argazki eta marrazkiz inguratuta.

Zer moduz hartu duzu sari hau?

Ez nuen batere espero. Arratsalde batean Gipuzkoako Aldunditik deitu zidaten ea berri bat hartu nahi nuen galdezka. «Ona bada bai, txarrik ez», erantzun nien, «jada nire adinean ez dut txarrik nahi». Sari bat beti ona da eta eskertu egiten diot Aldundiari.

Zure lan zabalaren barrenean, landa lana eta artxibo lana egin dituzu.

Hanka bat beti ibili dut artxiboan, eta bestea, aldiz, kanpo ikerketan, beti etnografia jasotzeko asmoz. Aita eta aitaren osaba argizariarekin kandelak egiten aritzen ziren, eta mutil koskorra nintzela lanbide hori behera zihoala ikusten nuen. Horrekin batera ohitura asko galduko zirela konturatu nintzen. Heriotzaren inguruan kandelak pizten ziren, argizaiolak ere bai, erritua aberatsa zen, baina pixkanaka-pixkanaka galtzen zihoan. Orduan, apunteak hartzen hasi nintzen.

Nola egiten zenuen, jendeari galdetuz?

Etxean ikusitakoa jasotzen nuen, gurasoen martxa, aitaren osaba-eta nola zebiltzan, jendea etortzean zer hitz egiten zuten... 17-18 urte izango nituen.

Gero unibertsitatera joan zinen, ezta?

Ordurako merkataritza peritutza egina neukan eta irakasletza amaitu gabe. Ez nuen zaletasunik horretarako. Gero bai, adin handiagoarekin lagun batzuek esan zidaten: «Hainbeste lan kaleratu dituzu, autodidakta bakarrik ez zaitez geratu, ez zaizu kostatzen karrera bat egitea». Filosofia eta Letrak ikasi nituen, Historiaren adarra, eta aurrerago, Julio Caro Barojak berotuta, doktoretza egin nuen. Bere burua eskaini zuen zuzendari izateko; nor hoberik bera baino.

Koldo Mitxelenarekin ere ibili zinen.

Mahai-buru izan nuen doktoretza egin nuenean. Noizbehinka etxera etortzen zen, bagenuen harremana. Joxemiel Barandiaranekin ere handia -adierazi digu, egongelan jarritako bere bustoa eta argazkia seinalatuz-. Bazkaltzera etortzen zen hona.

Zer oroitzapen dituzu?

Oso onak. Gauza bat ikasi dut: jakintsuekin ondo ibiltzen zara, erdipurdikoekin okerrago izaten da. Ni bakartia izan naiz lanean, ez naiz taldeko gizona. Badakit gauza asko taldean egin behar direla, arkeologian adibidez. Baina beste gauza asko badira bakarrik egin daitezkeenak. Eta Julio Carok esan zidan: «Ez bazenuen erabaki hori hartu eta talde baten pean egon izan bazina, ez zenuen egindakoaren bostena ere egin izango». Tolosako monografia Federiko Zabalarekin egin nuen 1967. urtean, eta beste bat Luis Pedro Peña Santiagorekin. Baina bestela bakartia izan naiz.

Sei mila orri baino gehiago omen dituzu paperean.

Hori ez dut kontatzen, baina gaizki esaten dute gauza bat: 50 monografia ditudala. 73 ditut, orain jakin dut.

Zerbait deskubritzeak edo lanen bat egiteak bereziki hunkitu al zaitu?

Uribarri haranean, Araban, lan bat egin nuen. Nikolas Lopez de Ziordia arotzaren izena eman zidaten. Gizarajo bat ematen zuen, baina gauzak zehatz ematen zizkidan, pazientzia handiarekin, eta harrezkero lagun handiak izan ginen. «Honek zenbat neurtu dezake?» galdetu eta «metro batera ez da iristen, baina hurbil» erantzuten zidan. Zehatz-mehatz asmatzen zuen. Haren aroztegia museo bat zen, eta erre egin zen! Pena handia. Beste bat, zurgina hura ere, Berastegikoa zen, Felix Etxeberria. Ezagutu nuenean jada erretiratua zegoen, baina bere aita eta aitona eta aitonaren aurrekoak ere arotzak izan ziren, eta berri asko eman zizkidan. Bat hizkuntza aldetik garrantzitsua: burdinoletako piezen izen asko eman zizkidan, galduta zirenak.

Euskal etnografiaren lexikoari buruz egin zenuen, hain zuzen, doktore tesia.

Hala da. Beti izan dut hizkuntza zaletasuna. Xabier Mendiguren Bereziartua eta biok hiztegi bat osatu genuen galduta zeuden ofizioen hitzekin. Lan bat galtzen denean, hitzak haiekin batera galtzen baitira. Festak ere berdin. Inauteriak, adibidez.

Bestekin lotutako lan handia egin duzu.

Heriotzarekin ere bai. Ohiturak ikertu ditut, mito eta kondairak, artisautza, haur jokoak, herri medikuntza... Denak agertzen dira nire azken liburuan, «Agerkari etno-historikoa: nere paperetatik» izenekoan. Nestor Basterretxearen marrazkiak ditu lan honek eta etxean neuzkan paperak biltzen ditu.

Lanean jarraitzen duzu?

Gauza askorekin nabil, denak artxiboko lanak. Ez dakit beste liburu bat aterako dudan datorren urtean, bizi banaiz... Baina lanean segitzen dut, asmo horretan goaz.

Baduzu egin nahi duzun lanen bat?

Beti geratzen dira gauzak egiteke. Pertsona batzuez idatzi dut, baina beste batzuk kanpoan geratu dira eta gustatuko litzaidake horiekin zerbait egitea, nahiz eta denekin ezin den.

Jakin-min handia duzu...

Bai, hala behar da gauzak jakiteko. Gertatzen dena da nire adinean gauza bat jakin eta bost ahazten zaizkidala, saldoa negatiboa da erabat... -dio irri artean. Eta jarraian:- Segi, segi, galderak egiten...

Egindako landa lanen baten adibiderik jarriko didazu?

Horretan ere, urteekin ofizioa hartzen da. Adibidez, inauteriez idatzi nahi baduzu, ez zara serora batengana joango. Galdetu egiten duzu ea zein den zaletasun hori izan duena eta harengana jotzen duzu. Francoren denboran, inauteriak debekatuta zeudenean, Zalduondora joan nintzen egun batean eta zorte handia izan nuen. «Honetaz dakiten bi pertsona daude», esan zidaten. Pazientzia handiz azaldu zidaten nola egiten zen inauteria, nola erretzen zuten Markitos... Ez da ikustea bezala, baina datu asko eman zizkidaten. Batzuek asko dakite, baina ulertzeko moduan azaltzen ere jakin behar da.

Eta ikerlari izateko, zer behar da?

Pazientzia handia. Erronkarira joan izan naiz zentimetro batzuengatik. Gero, presarik gabe ibili behar da; azkar eta ondo usoek egiten dute hegan. Umore pixka bat ere behar da. Beste gauza bat: nonbaitera ikertzera bazoaz, ikastera zoaz, ez zara irakaslea. Apal joan behar duzu eta adiskidetasuna hartu.

HASIERA

«Aita eta aitaren osaba kandelak egiten aritzen ziren, eta lanbide hori behera zihoala ikusten nuen. Orduan, apunteak hartzen hasi nintzen»

izenak

«Berastegiko Felix Etxeberria zurginak berri asko eman zizkidan. Bat hizkuntza aldetik garrantzitsua: burdinoletako piezen izen asko, galduta zirenak»

Un investigador que no ha perdido la curiosidad

El etnógrafo e historiador Juan Garmendia Larrañaga (Tolosa, 1926) recibirá esta tarde a las 19.00 h, el  premio Ondare de la Diputación en su segunda edición. El ingente trabajo realizado por este investigador, su condición de autodidacta y su generosidad al socializar su obra son algunos de los motivos que condujeron al jurado a concederle este premio a un hombre de curiosidad infatigable y que se niega a dejar de estar en activo.

Juan Garmendia Larrañaga es Licenciado en Historia y Doctor en Antropología filosófica. Etnógrafo, antropólogo, experto en folclore, lingüista y amante de la cultura vasca e insaciable trabajador. Trabajó junto a Jose Miguel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja o Jorge Oteiza, de los que también fue amigo. Ha recibido un sinfín de reconocimientos, desde que en 1950 se embarcara en la investigación de la cultura vasca. 73 monografías y más de 300 artículos componen su obra -sus obras completas están digitalizadas y al alcance de cualquier internauta-; una ingente labor en la que ha abordado la artesanía, el carnaval, las fiestas de los solsticios de verano e invierno, los juegos infantiles, mitos y leyendas o la medicina popular. GARA

azken liburua

«Ohiturak, mito eta kondairak, artisautza, haur jokoak... Denak agertzen dira etxean neuzkan paperak biltzen dituen nire azken liburuan»

ikerlari ona

«Ikerlari izateko pazientzia handia, presarik gabe ibiltzea eta umore pixka bat behar dira. Beste gauza bat: apal joan behar da, ikastera baitzoaz»

Juan izeneko hiru gizonen erritua zuhaitzaren bueltan

Sanjuanen berotasuna hurbil dugu eta kontatuko al diguzu egun eta ohitura hauekin lotutako konturen bat?

Esaten da San Juan egunak alaienak eta argienak direla. Bada, Saldiasen joan omen zen festatara. Ondo gosaldu zuen, jan ondo eta edan hobeto, eta oheratu egin omen zen. Ilunduta esnatu zen eta esan zuen: «Ai San Juan, San Juan Eguna, argitu orduko iluna!». Sanjuanak festa naturalistak dira: sua, ura eta belarra dira protagonista. Donamarian, mina zuen umea larrugorririk ateratzen zuten gaueko hamabietan eta hiru Juan izeneko zuhaitzaren inguruan jarri eta haurra batetik bestera ibiltzen zuten: «Tori Juan, ekar ezazu Juan...», hiru aldiz buelta eman behar zen hamabietako kanpaiak bukatu baino lehenago. Hori kontatu zidanak esan zidan bera ibili zela, baina behin umeak pneumonia harrapatu zuela. Akabo ohitura!

Lanari esker jende anitz ezagutu duzu, ezta?

Bai, baina gertatu zaidana da gehienbat adineko jendearengana joan naizela eta orain dela 40-50 urte lagunak izan nituenetako asko hilik daudela. Pena handia da, jendeari kariñoa hartzen diozulako. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo