EAEren eta Idahoren arteko harremanak estutzeko hitzarmena sinatu dute
Lakuako Gobernuak EAEren eta AEBetako Idaho estatuaren arteko hartu-emanak sendotuko dituen hitzarmena onartu zuen atzo. Ondorioz, bi bulego zabalduko dituzte, bat Bilbon eta bestea Boise Idahoko hiriburuan.
GARA | GASTEIZ
Lakuako Gobernuak atzo onartu zuen EAEren eta Ameriketako Estatu Batuetako Idaho estatuaren arteko hitzarmena. Akordioaren helburua bi lurraldeek «historikoki ekonomia, hezkuntza eta kultura arloetan izandako harremanak» are eta gehiago estutzea da.
Lakuako Gobernu Kontseiluak egindako bileraren osteko agerraldian Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuenez, Ameriketako Estatu Batuetan euskal jatorriko herritar gehien dituen bigarren estatua da Idaho. Ez hori bakarrik, Boise Idahoko hiriburua da, Mendiaren hitzetan, «Ipar Amerika osoan euskal kolektibo aktiboenetakoa» duena.
Bi lurraldeen arteko harreman onak urte luzez mantendu dira, eta, Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi ostean ere, ildo beretik jarraitu dute hartu-eman horiek. Horren erakusle, aurretik ordezkari jeltzaleek sarri egin bezala, Patxi Lopez bera ere Ameriketako Estatu Batuetan izan zen aurreko udaran. Idahon bertan ere izan zen EAEko lehendakaria; hain zuzen ere, Butch Otter gobernadorearekin batzartu zen Patxi Lopez.
Duela urtebeteko bisitaldiaren ostean, Idahoko ordezkaritza bat Euskal Herrira etorri zen hainbat bilera egiteko. Horietan, Idahoko eta Euskal Herriko enpresarien ordezkariek hartu zuten parte. Brad Littel Idahoko gobernadoreordeak ere parte hartu zuen iazko iraileko bisitaldian. Mendiak atzo azaldu zuenez, bi topaketok Idahoren eta EAEren arteko lankidetza esparru iraunkor bat sortzeko oinarriak ezarri zituzten.
Bulegoak Boise eta Bilbon
Atzo onartutako hitzarmenaren bitartez, bulego bana irekiko dituzte Boisen eta Bilbon. Boiseko bulegoa EAEk New Yorken duen AEBetako, Kanadako eta Mexikoko ordezkaritzaren menpe egongo da. Bilboko bulegoa, berriz, Idahok kudeatuko du.
Atzo onartutako hitzarmenean jasotzen denez, Bilboko eta Boiseko bulegoak bi urtez ariko dira lanean hasiera batean. Bi herrialdeen lankidetza politiken jarraipena egiteko ardura izango dute bulegoek, baita EAErentzat eta Idahorentzat onuragarriak izan daitezkeen aukerak aztertzekoa ere.
Euskal Herrian zein Boise Idahoko hiriburuan elkartu ziren iaz bi herrietako ordezkariak. Denbora luzez bi herrion artean izandako anaitasuna sendotzea izan zen topaketon helburua.