GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Aro politiko berria saihesteko ahalegin antzua Nafarroan

Nafarroako Gobernuak presidente berria du, berritasunik bat ere ez dakarren presidentea, hain zuzen. Yolanda Barcina UPNko hautagaiak behar zituen bozak lortu zituen atzo PSNri esker, joan den legegintzaldian Miguel Sanzek lortu zituen era berean, baina oraingoan UPNrekiko gobernu ituna ere tartean dela. Duela lau urte jokaera hark nafar askoren desengainua eragin zuen, eta azken hauteskundeetan larrutik ordaindu du PSNk bere iruzur politikoa; hala ere, berritu egin du apustua, UPNrekiko leialtasun promesa eta guzti. Nafar askok, M-22ko hauteskunde emaitzak ikusita, pentsatu bide zuten PSNk aitzakia bat aurkitzen lanak izango zituela, oker pentsatu ere, alderdi horrek egun bakan batzuk baino ez baitzituen behar izan Bildu izeneko aitzakia aurkezteko. Aurrekoan abertzaleak izan ziren, oro har, uxatu beharreko mamua; oraingoan, berriz, Bildu baino ez.

Atzoko inbestidura batzarrean, oposizioko taldeek Barcinaren hitzaldia hustzat jo zuten, proposamen zehatzik gabekoa. Ez da harritzekoa, UPNren eta PSNren arteko lankidetzaren programaren garapena Bilduri bidea ixtean hasi eta amaitzen baita. Nafar guztientzat gobernatuko duela esan zuen Barcinak, inbestidura hitzaldi batean esan beharreko hitzak, alegia, baina kasu honetan, erretorika hutsa ez ezik, zinismo erakustaldia ere bada, bere programa nafarren parte esanguratsu bat baztertzea izanik, haren alderdiak eta PSNk argi asko utzi dutenez.

Hitzaldiak hitzaldi, ez dago nafar Gobernuak orain arteko norabidea aldatuko duen zantzurik, ez politika sozioekonomikoei, ez kulturalei, ez normalizazio politikoari ez, oro har, jokabide demokratikoei dagokienez. Datorrena datorrela, aldaketa txarra da UPN eta PSNrentzat, uste horrek nafar gizartetik aldentzen dituen arren. Hain zuzen, urtetik urtera aldaketa ordezkatzen duten alderdiei babes handiagoa ematen dien gizartetik. Politika sozioekonomiko eta kultural desberdinak hobesten dituen gizartetik. Atzo, ezinbestean datorrenari atea ixteko ahalegin antzuaren antzezpena izan zen Iruñean. Izan ere, aldaketa abian da. Atzerarazten saiatuko dira, baina etorri badator. Eta badator, ez da ahaztu behar, nafar gehienek haren alde apustu egin dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo