GARA > Idatzia > Euskal Herria

Petalozko soinekoz jantzi da Arbizu San Juan jaietako lore lehiaketa tradizionalean

Hori, berde, urdin eta more. Urtean zehar ere Arbizuko leihoak lorez gainezka izaten dira, baina sanjuanetan elkarren artean lehiatzen dira ederrenak izateko asmoz. Egunotan ortzadarra dirudi Sakanako txoko honek.

p020_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | ARBIZU

Udara eta San Juan jaiak. San Juan jaiak eta udara. Zalantzarik gabe, estuki lotuta daude bata eta bestea. Bien batuketak, gainera, jai giro aparta zabaltzen du urtero-urtero Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan. Arbizu da, besteak beste, egunotan agendan gorriz markaturiko festak ospatzen ari den herrietako bat. Atzo, txupina jaurti ostean, tradizioa bete eta San Juan ermitara igo ziren arbizuarrak, txarangarekin batera kalejira egin zuten eta Naima taldearekin dantza eta dantza aritu ziren ordu txikiak arte. Hala ere, nekeak ez du lekurik herrian, aurretik beste bost jai egun gelditzen baitzaizkie. Arbizun, egunotan, debekatuta dago geldirik egotea.

Loreak maite dituenak ia derrigorrezkoa du Sakanako herri txiki hau bisitatzea. Urte osoan zehar etxeetako balkoiak, fatxadak eta leihoak mimo handiz apaintzen dituzte arbizuarrek: geranioak, arrosak, lirioak edota begoniak, kolore ederrak eta biziak gailentzen dira. Hori bai, egunotan etxeak «urrea bezain distiratsu izaten dira», adierazi dio egunkari honi Itziar Lizarraga herriko festen ardura duen zinegotziak.

Urtarriletik abendura bitartean herri osoak «txintxo» jarraitzen duen tradizioa da leihoetan loreak jartzearena. Hala, kanpotik Arbizura gerturatzen denari ezinekozkoa zaio etxeetara ez begiratzea, egunotan bereziki.

Ezkonberrien mantua

«Guztira lau kategoria daude: fatxada osoa, balkoi handia, balkoi txikia eta leihoa edo txokoa», azaldu du Lizarragak. Aurtengo edizioan lehenengo kategorian Goiko Juanania gailendu da fatxada goitik behera lore zuri ederrez apaintzeagatik, ezkonberrien mantu eder bat lez. Balkoi handien saria Eliasen etxeak jaso du, eta, txikia, berriz, Motzaren etxeak. Leiho ederrena, azkenik, Ixelaniarentzat izan da.

Gaur 20.00etan irabazleei lore sorta bana emango diete plazan, baina, arduradunek azpimarratu nahi izan dutenez, sariak finean «urte osoan egindako ahaleginari egindako errekonozimendua» dira.

Irabazleak nortzuk diren erabakitzeko Altsasutik lorezain profesionalak bertaratzen dira Arbizura, eta kaleak goitik behera begirada «eskarmentudun eta zorrotzaz» aztertu ostean ematen dute epaia.

Asko erreparatzen diote loreen kalitateari. Ondo zainduta egotea ezinbestekoa da; alegia, fresko, ihartu gabe egon behar dute, eta garbi egotea ere garrantzitsua da. Hau da, dotore eta distiratsu.

Lore lehiaketaz harago, programa ekitaldiz lepo dator. Horien artean jaietan «ezinbestekoa» den lehenengo «aate»-a egingo da 13.00etan; alegia, Udalak arbizuarrei ardoa dohainik eskainiko die ohitura zaharra betez -Jose Luis Erdoziaren «Sakanako hiztegi dialektologikoa» lanean jasotako hitza Arbizun baino ez da erabiltzen egun-.

Iaz mila litro ardo eskaini zituen Arbizuko Udalak eta aurtengoan ere zifrak antzekoak izango direla baieztatu du Lizarragak. «Ematen dugun guztia edaten da!», dio.

Eguerditik aurrera, haurrek entretenitzeko aukera anitz izango dituzte. Ludoteka eta tailerrez gain, «Mateoren kaiola» ikuskizuna eskainiko zaie, eta, azkenik, 18.30ean, Patxin eta Potxin pailazoek algaraka jarriko dituzte.

EGAN, NEKAEZIN

Eguzkia ezkutatu eta zeruan mantu beltza zabaltzearekin batera helduen txanda ailegatuko da. Gauerditik aurrera eta goizeko ordu txikiak arte, Egan taldea arituko da oholtza gainean gorputzak astinarazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo