Baionako portuan gai arriskutsuen trafikoa baimentzea aztertzen ari da Prefektura
A.M. | BAIONA
CADE ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboak salatu duenez, Baionako portutik produktu arriskutsuak igaroarazteko Yara enpresa kimikoaren egitasmoa «berriro ere, isilpean eta inolako gardentasunik gabe» aztertzen ari dira.
Eskaera onartu aitzin zenbait proba eta ikerketa egingo dituztela agindu badute ere, CADE fidakaitz azaldu da «beharrezko kontrolak egiterakoan Estatuko zerbitzuek industrialariekiko izan ohi duten jarrera adeitsua» dela-eta. Gainera, azken erabakia udan hartuko dutela uste du CADEk, «justuki opor garaian, proiektuaren kontra egon daitezkeen hautetsi eta elkarteen erreakzioak ekiditeko».
Yara enpresak Biarnoko Pardies herrian daukan lantokitik Baionako portura eraman nahi du amonio nitrato teknikoa kostuak murrizteko. Aldiz, CADEren iritziz, kostuen urripena (300.000 euro urteko) «ez da esanguratsua ekarriko lukeen arriskuarekin konparatuta».
Tolosako istripua gogoan
CADEk ez du ahaztu amonio nitrato teknikoak eragin zuela 2001eko irailaren 21ean Okzitaniako Tolosa hiriko AZF enpresan jazo zen leherketa izugarria. 30 hildako eta ehunka zauritu eragiteaz gain, hamarka etxebizitza suntsitu zituen leherketa hark.
Yara enpresaren egitasmoa udazkenean argitara irten zelarik, hautetsiez gain, auzo eta ingurumen elkarteak ere kezkatuta agertu ziren amonio nitrato teknikoaren garraioak sortzen dituen arriskuengandik. Hautetsiek Baionako portuko kontseiluaren azaroko bilkuran izan zuten proiektuaren berri. Alta, ordurako, gaia prefektuaren eta Merkataritza eta Industria Ganberaren mahai gainean zegoen aspalditik. Martxoko bozen harira, prefektuak erabakia atzeratu egin zuen.