Gaztetxeak jasandako jazarpen poliziala salatu dute Ordizian
GARA |
Kalez jantzitako bi ertzain «inongo identifikaziorik gabe» Ordiziako gaztetxean sartu izana salatu du herriko Gazte Asanbladak. Asteazken gauean gertatu zen, «musika altua» zegoela argudiatuta. Bertan ziren gaztetxeko bi kidek bolumena jaitsi zuten, oztoporik jarri gabe.
Euskal presoen argazkiak begiztatu eta barruan jarritako kartel batzuk ere kendu zituzten bertaratutako ertzainek. Hiru adingabeko identifikatu ostean, beste sei agente agertu ziren gaztetxean. Epaileari gertatutakoaren berri emango ziotela ere jakinarazi zieten gazteei.