GARA > Idatzia > Euskal Herria

Leioako San Joan jaiak, bizi eta koloretsu koadrilei esker

Gaur hasi eta igandera arte, beren onena eman beharko dute leioarrek, herriko San Joan jaiei datorren urtera arte agur esan baino lehen. Atzean utzi dute dagoeneko San Joan, bere sua eta bere ajeak, baina ez da batere makala aurretik daukatena: musika, ikuskizunak, su artifizialak, baina zerbait nabarmendu beharko bagenu, zalantza izpirik gabe, hain arrakasta eta parte-hartze handia daukaten koadrilen arteko zenbait proba aipatuko genituzke.

GARA | LEIOA

Leioan bizi diren GARAko irakurleek, segur aski, ohi baino denbora gehiago beharko dute lerro hauetan behera eta hitzotan aurrera egiteko. Eta ez da gutxiagorako: San Joan jaietako suari eginiko jauziek -eta, agian bitartean hartutako tragoxkaren batek- uzten dituzten ajeak ez dira-eta azkar eta samur igarotzekoak.

Horiei, eta beste guztiei, animo! Izan ere, orain artekoa gogorra izan bada, gaurtik hasi eta igandera arte aurretik daukaten egitaraua ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Egia da bai, halako egunetan, denok desiratzen dugula egunak orduren bat edo beste gehiago izatea, eta leioaztarrek -eta inguratzen den oro, noski- egunotan eskura dituzten aukerak ikusita, are gehiago. Baina tira, abestiak «aquí no hace falta cama, aquí nadie va a dormir» esaten zuen gisara, adin guztietako gazteek azken hatsa bota beharko dute jai egitarauaren azken orrialdeak pasatzeko.

Urtero legez, atzoko txupinazo eta bajadaz gain, Leioako koadrilek aukera ugari izango dituzte elkarrekin jai giroan norgehiagokan aritu, eta, batez ere, jai eredu herrikoia bultzatzen jarraitzeko: gaur bertan egingo den Azeriaren Ehizan (18.00etan gaztetxoenek, eta, ordubete geroago, helduek, Errekalde plazan), gaueko playback lehiaketan (23.00etan helduek, eta, bihar, 21.30ean, gaztetxoek)...

Horiez aparte, sokatira edota tortilla txapelketak izango dituzte gozagarri, baina azpimarratzekoena, zalantza izpirik gabe, jai eredu honek Leioako gazteriaren artean duen arrakasta eta atxikimendua da. Ikustea besterik ez dago zenbat taldek eman duten parte hartzeko izena: helduen kategorian 78 taldek parte hartuko dute, eta, gazteenean, aldiz, 24k, Kultur Leioako lagun batek adierazi digun moduan.

Halako ekintzak gustuko ez dituztenek, edota nahiago dutenek musika onaz gozatu eta dantza egitea, badute aukera andana egunotan.

Gaurkoan, Basaki eta Gose taldeak izango dira txosnagunean (23.00). Joxe Migel Barandiaran Behekoa Institutuan, ordea, Esne Beltza eta Sorkun arituko dira, 23.00etatik aurrera.

Gehiagorako gogoa dutenek, Ikea plazara gerturatu beharko dute, 01.30ean, Trikiziorekin dantza egitera.

Larunbateko kontzertuak

Bihar ere, hiru talde izango dira txosnagunearen agertoki gainean, 23.00etatik aurrera: Baketazo, Estrikalla eta Ze Esatek!

Dagoeneko jakin badakigu ez dela batere gomendagarria edanez gero autoa hartzea. Baina horrek ez zaitzala atzera bota: Metro Bilbaok zerbitzu berezia eskainiko du larunbateko gau osoan zehar Leioara gerturatu nahi dutenentzat.

23.00etan hasi eta igandeko 06.00ak arte tren bereziak ibiliko dira. Etxebarri-Bidezabal ibilbidea egiten dutenak, ordu laurdenean behin pasako dira. Etxebarri eta Plentzia arteko bidea betetzen dutenak, ordea, ordu erdian behin igaroko dira, Ariz-Santurtzi ibilbidea egiten dutenak bezalaxe. Beraz, badakizue: ez dago aitzakiarik Leioako jaietara ez hurbiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo