GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiru urteko espetxe zigorra jaso dute Gilen Goitik eta Xan Beyriek

A.M. | BAIONA

Pariseko Auzitegi Korrekzionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zien atzo Gilen Goiti eta Xan Beyrieri. Lehenak hiru urte horietako bi ez ditu espetxean eman beharko, eta, bigarrenak, berriz, 18 hilabete.

Hasiera batean «terrorismoa» eta «lehergailuak fabrikatzea» egotzi bazieten ere, kargu horietatik aske geratu dira. Alta, 2007ko ekainaren 24n Hiriburuko Orpi higiezin agentziaren kontra egindako erasoan Goitik zerikusia izan zuela ebatzi du auzitegiak, eta, hortaz, «konplizitatearengatik» zigortu du. Beyrie, berriz, 2009ko urtarrilaren 3an Jatsuko etxebizitza baten kontra egindako erasoarekin zerikusia izan zuelakoan kondenatu du auzitegiak. Azken eraso horretan, lehergailuak ez zuen eztandarik egin.

Biak ala biak joan den ekainaren 16an epaitu zituzten Parisen eta fiskalak eta epaileak pausatutako galderak, batez ere, beren ideien, lagunen eta jarduera politikoen ingurukoak izan ziren.

2004tik Ipar Euskal Herrian gazteen aurka burututako operazio masiboekin lotuta egindako lehen epaiketa da Parisekoa. 2009ko ekainean 11 gazte atxilotu zituzten eta horietatik lau hamar hilabetez izan ziren espetxean. Garai hartan adingabeak ziren beste bi gazte Adingabeen Auzitegiak epaituko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo