Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako Finala
Nagusiek erabakiko dute
Pronostiko guztien arabera, Gernika kadeteetan nagusituko da eta Galdakao jubeniletan.
Jon ORMAZABAL
Ezusteko ikaragarririk ezean, Arabako lehiaketan gertatu ez bezala, emozioa azken partidara arte bermatua dagoela ematen du igande honetan Balmasedan jokatuko den Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako finalean. Izan ere, bi taldeetako arduradunak bat etorri dira: ezer arrarorik ezean, kadeteetako garaipena Gernikarentzat izango da, eta, jubeniletakoa, Galdakaorentzat. Beraz, gauzak normal joanda, Kantxo-Ajuria (Galdakao) eta Aio-Irusta (Gernika) bikoteek jokatuko duten lehiak erabakiko du txapelketaren 42. edizioa.
Finalaren atarian, delegatuei dagokienean bederen, gernikarrak itxaropentsuago daude galdakoztarrak baino. Jarraian jokatzen duten laugarren finala duten arren, Iñaki Ibargarai galdakoztarren entrenatzaileak txapeldun irtetea «oso beltz» ikusten dutela aitortu zion GARAri. «Atutxa eta Larunberekin goleadaz irabaziko dugu jubeniletan, baino kadeteetan erraz galduko dugu. Giltza nagusietan egongo da, eta euren bikotea oso sendoa da. Aio profesionala izandakoa da eta atzelaria ere oso ondo ari da. Izan zuen huts dezente egiten zituen bolada bat, baino azkenaldian oso seguru ari da».
Partida erabakigarrian jokatuko duen Ajuria galdakoztarrak, gainera, zenbait arazo fisiko izan ditu azkenaldian. Hala ere, astean zehar egindako proben ostean, jokatzeko moduan egongo dela uste du Ibargaraik. Hala izango ez balitz, Legorburuk hartuko luke bere lekua Kantxori bizkarrak zaintzeko.
Finaletan ohiko herria den arren, etorkizuna ez du ondoegi ikusten Iñaki Ibargaraik, kadeteetan arazo handiak izan dituztelako txapelketa osoan zehar eta atzetik ere ez datorrelako inor. «Txapelketan jokatu ditugun partida guztiak galdu ditugu kadeteetan. Pilotari bat dezente xamarra dugu, baina besteak urtebete baino ez darama pilotan jokatzen eta oso urduri jartzen da, badakielako besteak baino gutxiago dela». Hala ere, txalotzekoa da, dituen gabezia horiekin, Galdakaok taldea osatu ahal izateko egiten duen ahalegina, ez baitago beste inor. Arazoak arazo, Mallabia, Zornotza eta Usansolo utzi ditu kanpoan Galdakaok, azken hori tanto bakarreko aldearekin.
Ilusioz gainezka Gernikan
Gernikako taldearen ibilia dezente erosoagoa izan da aurtengo txapelketan; Arrankudiaga, Mungia eta Zaratamo nahiko erraz menperatu ostean heldu da finalera. 2007an sailkatu ziren azken aldiz gernikarrak finalerako, nahiz eta ia beti egon diren puntaren puntan.
Arerioen nolabaiteko ezkortasunaren aurrean, Aitor Erauskin Gernikako ordezkariak klubean eta herrian nabaritu duen baikortasuna nabarmendu zuen, irabazteko aukerak ikusten dituelako. «Gu irabazteko ilusio guztiaz joango gara. Finala nagusien partidan egongo dela uste dugu; erremintako frontoia izatea, gainera, gure aldekoa dela iruditzen zait eta uste dut aukera asko ditugula txapela ateratzeko. Hori bai, errespetu osoa diogu arerioari, final bat beti baita final bat; badakigu mutiko gazteak direla eta hor nerbioek ere jokatzen dute», aitortu du Erauskinek.
Balmasedako erdigunean aparkatzea zein zaila den ezagututa, bertaratuko diren zaleei denborarekin joatea gomendatu diete antolatzaileek.