GARA > Idatzia > Kultura

Artistentzako askatasun gunea izan nahi du Mendikotan ireki berri den Algareki galeriak

Ainize BUTRON | MENDIKOTA

Zuberoako Mendikota herrian ireki berri du galeria Pascale DeGilbertek. Uztaro tailerretatik hurbil, galeria horren bidez euskal artistak bultzatu nahi ditu proiektuaren egileak. «Nonbaitetik abiatu behar genuen egitasmoa. Galeria sortzeko aukera bat izan dugu Mendikotan. Herriko Etxeak etxe bat utzi digu», argitu zuen DeGilbertek.

Parisetik etorri eta Zuberoan finkatzea erabaki zuen duela lau urte, eta, hasieratik, artistentzako «askatasun gune bat» sortzeko proiektua zeukan DeGilbertek. «Parisen galerietan lan egin izan dut eta mundu hori ezagutzen dut. Gure xedea ez zen edonolako galeria bat sortzea, artistei eta artistentzat eginiko espazio bat egitea baizik», gehitu zuen.

Artearen komertzioak finkatzen dituen arauak bazterrera utzita, beraien arteaz bizi nahi duten artistak laguntzea erabaki du DeGilbertek. Algareki izeneko elkartea sortuz, lau erakusgela biltzen dituen galeria finkatu du Mendikotan. Gaur arratsean zabalduko ditu ateak Euskal Herriko hogei eskultore eta margolariren erakusketa kolektibo batekin. ABO, Jean Pierre Aubert, Begoña Durruty, Pierres Erdozaintzi, Guanes Etchegaray, Christiane Giraud, Peio Goello, Andoni Guiresse, Patxi Laskarai, Jean Pierre Errecart, Alberto Letamendi, Michele Neurisse, Rikardo Pascual, Pelex, Oaia Peruarena, Aitor Ruiz de Eguiño, Alain Sistiaga, Javi Soto eta Iker Valle artistek parte hartzen dute uztailaren 14ra bitartean zabalik izango den erakusketan. «Izar ihitza» gaia lantzea eskatu die DeGilbertek.

Musika irekiera gaualdian

Artista bakoitzak erakusketa pertsonala egiteko aukera izanen du ondotik. Parisen zabaltzeko aukera ere eman nahi die galeriaren arduradunak. Halere, aurretik, gaur bertan Mendikotan irekiko den galerian zentratu da DeGibert: «Gauza zabala egitea lortzen bada, 2013tik goiti artista egonaldiak antolatzen hasiko gara, eta, lekuko eskolekin ere arituko gara». Artistekin batera, txalapartariak, Jean Michel Bedaxagar eta beste hainbat animazio izango dira gaur eginen den irekiera gaualdian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo