GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak Hendaiako Herriko Etxearen eredua nabarmendu du

Azken urteotan Ipar Euskal Herriko zenbait udalek hartutako neurriei esker, euskararen normalizazioan pixkanaka aitzinatzen doaz. Alta, oraindik «bide luzea» dute egiteko. Kontseiluaren azken neurketaren arabera, Hendaiak erdietsi du nota hoberena.

Arantxa MANTEROLA |

Oraindik bide luzea egiteko badu ere, Kontseiluaren ustetan, Hendaiako Herriko Etxeak euskara sustatzeko abian jarri dituen neurriak Ipar Euskal Herriko «gainerako herrientzat eredugarriak» dira. Hori nabarmendu berri du euskararen gizarte erakundeak zenbait udalen hizkuntz politiken bigarren neurketa Baionan aurkeztu duelarik.

Lehen neurketa 2006an egin zen Angelu, Baiona, Biarritz, Hazparne, Donibane Lohizune eta Atharratzen. Lau urte geroago hemeretzi udalerritara zabaldu dute azterketa, guztien artean, biztanleriaren %70 biltzen dituztenak (190.287 herritar) .

Inork ez du 7ko nota lortu

«Gutxitutako hizkuntza bat normalizatuko bada, lehentasunezko tratamendua duela jakiteko, gutxienez, 10 punturen gainean 7ra iritsi behar da nota», gogoratu du Kontseiluak. Azken neurketan, ordea, 19 udaletatik inor ez da nota horretara heldu.

Hendaiak berak 2,93 puntu lortu ditu, eta, beste muturrean, Angelu da puntuazio txikiena eskuratu duena (0,06).

Hala eta guztiz ere, Hendaiak «neurri eragingarriak eta eredugarriak» hartu dituela adierazi dute Kontseiluko kideek. Horien artean, euskara zerbitzua izatea (berrikitan bigarren langilea kontratatu du), komunikazioan eta hizkuntz paisaian euskararen presentzia bermatzea, hezkuntza eta eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz ere eskaintzea, langileak euskalduntzeko dinamika abiatzea eta abar.

Baionak bere nota emendatu badu ere (2006an 0,02ko nota izatetik 2010ean 1,69koa izatera pasa da), Udalak hartutako erabakien aplikazioa ez dela oraindik egiaz bideratu gaineratu du Kontseiluak. «Oro har hobetu duen arren, Baionako hizkuntz politika ez da ez egokia ez eraginkorra ere. Euskara bigarren mailan geratzen da», esan dute.

Euskara normalizatu eta herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko bidean, «ibilbide luzea» geratzen zaie Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Herriko Etxeei. Corpus juridikoa ez izateak, hots, ez ofizialtasunik ez lege gerizarik ez izateak, hautetsien borondatearen pean uzten du euskararen normalizazioa. Baina, egungo marko juridikoak hainbat neurri hartzea ahalbidetzen duenez, zirrikitu horiek «baliatzera» deitu du Kontseiluak.

Lege geriza, ezinbestekoa

Haatik, Kontseiluarentzat «lege geriza beharrezkoa da, baina ez edozein lege». Hain zuzen ere, ekainaren 30ean Estatu frantseseko Senatuan eztabaidatuko den proposamenaren aitzinean «kezka» azaldu du. Izan ere, Robert Navarro senatariak aurkeztutako proposamenak ez du «aitzinamendu txikiena ere ekarriko».

Are, dagoen bezala bozkatuko balitz, «lege horren marko hertsia mugatzeaz gain, egun egiten dena ere zentzura lezake Kontseilu Konstituzionalak». Hortaz, lege proposamen hori «baliorik gabea eta arriskutsua» dela salatu du Kontseiluak.

SENATUA

Hilaren bukaeran aztertuko den lege proposamena «baliorik gabea eta arriskutsua» da Kontseiluaren ustez. Hortaz, hizkuntz legeak lantzen inplikatu diren diputatuei zein Frederic Mitterrand eta Luc Chatel ministroei «elkarlanean» aritzeko deia egin die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo