GARA > Idatzia > Kultura

Dantzaren sukaldea antzokiko lehen planora eraman zuen entsegua

Dantzaz konpainiak dantzari profesionalek egiten duten moduan lan egiteko aukera luzatzen die ikasketak bukatu berri dituzten dantzariei. Kataluniatik, Italiatik, Belgikatik, Estatu frantsesetik... etorritako hamar kidek osatzen dute taldea eta guztiek bidearen hasiera egiteko grina dute, mundu izugarri gogor batean beren tokitxoa aurkitzeko gogoa. Gaur ikuskizun berria estreinatuko dute 20.00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian: «Arte-an», tarte horretan baitira, dantzariak dira, bai, baina ez profesionalak.

p049_f01_140x096.jpg

Dantzaz konpainiak ekimen ugari burutzen ditu, guztiak ere dantzaren munduarekin estuki lotutakoak. Gazteei profesionalki lan egiteko aukera luzatzeaz gain, dantza gizarteratu ere egiten du. Hala, Josu Mujikak, taldeko sentsibilizazio arduradunak, hainbat tailer burutzen ditu eskola ezberdinetan, lehen eta bigarren mailako haurrei dantza munduaren oinarrizko ikasketak emanez.

Jolas batzuen bidez gorputza mugitzen erakusten die haurrei, espresioa lantzeko hainbat ariketa egiten dituzte, eta, Mujikak azaldu zuenez, «oso dibertigarria» izaten da. Batzuetan, dantza zatitxo bat muntatzen dute txikiek, eta, Mujikak, bideoan grabatzen ditu, ostean beren buruak ikusteko aukera izan dezaten. «Oso aberasgarria da beraientzat, prozesua nolakoa den ikusten eta ulertzen baitute».

Tailer horiez gain, emanaldi bereziak ere egiten dituzte eskoletan. «Esperimentatutako ikusi eta beste modu batez ikusten dute», esan zuen Mujikak. Ikuskizuna ikusi ostean, dantzariekin hitz egiten dute eta beraiengan izaten den «prozesua» aztertzen dute: «Emanaldia ikusten dutenean beste ikuspuntu bat izaten dute dantzari buruz».

Gizarteratze lan horretan iragandako asteazkenean gaur estreinatuko duten ikuskizun berriaren entsegu ireki bat eskaini zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20.00etan. Ikuskizunak «Arte-an» du izena eta hiru koreografiak osatzen dute; Itzik Galili eta Lukas Timulak koreografoen sorkuntzek, alegia. Gaur 20.00etatik aurrera ikusi ahal izango dira antzoki berdinean. Entsegu berezi horretan pieza bakoitzaren lau minutu inguruko zatitxo bana eskaini zuten dantzariek. «Gure etxeko sukaldera sartzera gonbidatzen ditugu; gauzak nola egiten ditugun erakutsiko dugu».

Entsegua beroketa ariketa batzuekin hasi zuten, ikusleek egunerokotasun hori ikusi zezaten; dantzariak ere egunero erabiltzen zituzten arropak zeramatzaten entseguari egiazkotasun gehiago emanez. Ariketa horiek geroz eta konplexuagoak bihurtu ziren, eta, azkenik, koreografia nagusiekin hasi ziren. Bitartean, argiak, soinua eta halako lan teknikoak ere hobetzen aritu ziren antzokiko teknikariak.

Dantzarientzat entsegua ikuskizun baten parekoa izan zen eta ohiko urduritasuna sentitzen zuten. «Guretzat gogorra da, hamar egun baitaramatzagu lanean gelditu gabe. Baina oso ondo iruditzen zait ikuslegoari doan zatitxo txiki bat ematea, agian interes handiagoa edukiko dute horrela eta atzean dagoen lana ere ikusi ahal izango dute», zioen Mireia Gonzalez dantzari kataluniarrak. «Gure lana ikuslegoarengana gehiago hurbiltzen saiatuko gara eta dantza zer den erakutsi, beharrezkoa baita hori», esan zuen bere aldetik Daniel Navarro dantzariak.

Trebatzea

Konpainia donostiar honek trebatzea errazten die dantzariei; izan ere, dantza estilo ugari lantzen dira urte berdin batean, lan bakoitza koreografo ezberdin batek sortzen baitu. «Hainbat estilo ezberdin lantzeko aukera ematen dizu konpainia honek. Estilo neoklasiko batetik fisikoago eta garaikideago batera igarotzeko aukera duzu urte bakar batean. Nik izugarri nabaritu dut hori. Dantzari gazte bati gerta lekiokeen gauzarik onena da», esan zuen Gonzalezek.

Lukas Timulaken lana «askoz pertsonalagoa» da, eta, entseguetan, Timulak bera aritu da dantzariekin lanean. Itzik Galiliren lanak fisikoki «oso gogorrak» direla azaldu zuen Gonzalezek. «Gozamena da, berdin zaizu nekatuta egotea. Energia hutsa da, guztia ematea da. Lukasena intimoagoa da, oso subjektiboa da, bakoitzak zerbait ezberdina sentituko du». «Guk ere hori lantzen dugu. Klase bakoitzean sentimendu horien bila aritzen gara zerbait transmititu ahal izateko; bestela, dantza izan ordez, gimnasia izango litzateke», gehitu zuen Navarrok.

Dantza mundua oso gogorra dela gauza jakina da, eta, horregatik, dantzaria izateko erabakia gogorra eta benetan bokazio kontua da. «Egia da askotan une txarrak onak baino ugariagoak direla. Baina benetan dantzatu nahi baduzu, une on horiek beste guztia kitatzen dute», esan zuen Gonzalezek.

Maddalen LARRINAGA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo