Beatriz Arana Bidasoa Txingudi AHT Geldituko kidea
Bide erreak, ingurabideak, norabide eza eta bidegurutzea
Orain arte hartutako bideak erreta daude, ezin dugu errepikatu huts egiten duen eredua. Estatu espainiarrak, abiadura handiko kilometro gehien dituen herrialdea izan arren, langabe kopuru handiena ere badu Europan
Neska saharar batek Suedian ikusi zuen, liluratuta, elurra estreinakoz. Harrigarria iruditu zitzaion. Bertakoak ere harridura handiz saiatzen ziren imajinatzen neskaren bizimodua bere herrialde urrunean. «Nola aurkitu dezakezue norabidea basamortuan, errepideak izan gabe?», galdetu zioten neskari. «Eta zuek, nola aurkitu dezakezue bidea hainbeste errepide izanda?», galderantzun zien gazteak.
Euskal Herriak aspaldi galdu du iparra lurraren artifizializazioari dagokionez. Gure lurra, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, errepidez eta hormigoiz dago josita. Gure paisaiak desagertzen ari dira asfaltoak zanpatuta, eta lurraren fisonomia aldatzen ari da. Larre berdeak, baso mistoak, errekak, ibaiak, akuiferoak eta mendi magalak biaduktuek, basamortu koloreko lubakiek, zubiek, tunelek eta hormigoizko zutoin erraldoiek ordezkatzen dituzte. Nola aurkituko dugu, bada, gurea hainbeste bideren artean?
Baserri lurra abiadura handiz ari da desagertzen. Bailara emankorrenak aspaldi izan ziren hormigonatuak industrialdeak eratzeko, eta gaur bizirik geratzen den landa lur aberatsa oso egoera larrian dago. Gaintxurizketan egin nahi duten plataforma logistikoak, adibidez, 180 hektarea landa lur desagerraraziko luke eta 22 etxalde eta etxebizitza betiko suntsituko lituzke porlanak. Hau al da belaunaldiz belaunaldi lurra zaindu eta landatu dutenek merezi duten ordaina? Bertako baserritarrei esker mantendu dira larreak, landak, bailarak, errekak, zuhaitzak, eta landare, sastraka eta mota guztietako animaliak bizi dira beraiek txukundutako ekosisteman. Hori dena hormigoiz gainezka izatea da etorkizunerako nahi dugun fisionomia Euskal Herrirako? Halaxe bada, bihozgabe bilakatu gara.
Baina herria esnatzen ari dela dirudi. Pasaiako kanpo kaiaren mehatxua gainean duten herriek «superporturik ez» ozenki esatera ausartu zen formazio politiko bakarrari eman diote botoa. Ausartuko al da Lucio Hernando «Pasaiako auzokideen gehiengo bat superportuaren alde dago, baina aurkakoak zaratatsuagoak dira» berriro esatera? Nola zurituko du demokratikoki kanpo kaiaren alde egitea hemendik aurrera, hauteskundeen emaitzak ezagututa?
Oso esanguratsua izan da alderdi «demokraten» erreakzioa Bilduk Gipuzkoan eskuratu duen garaipen itzelaren aurrean. BILDUrtuak daudela dirudi. «Euskadi geldiarazi nahi dute», «Erdi Arora itzularazi nahi gaituzte», «ezin dugu onartu Gipuzkoarentzat estrategikoak diren egitasmoak kolokan jartzea», errepikatzen dute etengabe. Herriaren gehiengo esanguratsu batek bere onespena eman dio «hormigoirik gabeko egitasmo erraldoiak» aldarrikatu dituen koalizioari. Ez al du uzten horrek agerian herria heldua dela eta gezur narkotikoen gainetik badakiela AHT, superportua eta plataforma logistikoa gutxi batzuen negozioetarako soilik direla estrategikoak? Ezin dugu ahaztu hiru azpiegitura horiek puzzle handiago baten piezak direla.
Gelditzea ez da hain txarra daramagun norabidea okerra dela kontuan hartuz. Orain arte hartutako bideak erreta daude, ezin dugu errepikatu huts egiten duen eredua. Estatu espainiarrak, munduan abiadura handiko kilometro gehien dituen herrialdea izan arren, langabe kopuru handiena ere badu Europan. Erdi Arokoak dira AHTren tajoan lanean ari diren langile immigranteen lan baldintzak. Erdi Arokoa da 10.000.000 euro diru publikotik ordaintzea pertsonen oinarrizko beharren lepo. Horiek bai, herrialde atzerakoi baten jokabideak.
Alba Ricoren ipuin batean, familia batek bi urte eman zituen M30ean atrapatuta, ingurabidetik ateratzeko bidea aurkitu ezinik. Horrela bukatu nahi al dugu guk ere, azkar eta aurrera, etengabe bueltak ematen baina nora goazen jakin gabe? Edo hobe dugu, bidegurutzean gaudela baliatuz, hausnarketa sakonak eta jendarte eztabaida jukutsuak eramango gintuzkeeen norabidea hartzea?
Bide batez, Suedian ez dago AHTrik.