GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hautagaitza baten defentsa egiteak baino balio gehiago duen argazkia

Gaur arratsaldean esango dute Donostia 2016an Europako kultur hiriburua izango den ala hautagaitza duin eta on baten gisa geratuko den. Atzo Madrilen Donostiako hautagaitzaren defentsa egin zuten ordezkariek gogobeterik eta itxaropentsu atera ziren epaimahaiarekin izan zuten bileratik. Haren galderei erantzun baino lehen, euskal musika eta dantzaren erakustaldi txiki bat eta Juan Karlos Izagirre oraingo alkatearen eta Odon Elorza alkate ohiaren hitzaldiak izan ziren, eta ondoren Donostiako gastronomiaren lagin bat. Epaimahaiaren erabakia edozein dela ere, gauzak ondo egin izanaren sentimendua geratu zaie eta, egia esan, lan ondo egina aitortu eta txalotu egin beharra dago.

Donostia Europako kultur hiriburu hautatuko balute, pozgarria izango litzateke, zalantzarik gabe; hala ere, duen baino garrantzi gehiago eman nahi izan diote oraintsu arte herritar gehienek halakorik zegoela ere ez zekiten aukerari. Pozgarria litzateke, beraz, baina ez donostiarren arazoak konponduko dituen gertakizuna, ezta hurrik eman ere, ezta propaganda politikoa egiteko motiboa ere. Gauzak beren tamainan azaldu eta kokatzea komeni da.

Nolanahi ere, atzo Euskal Herritik Madrilera joan zen ordezkaritzaren argazkiak Donostia kultur hiriburua izateko hautagaitzaren defentsa ekitaldia gogoratzeko baino zerbait gehiagotarako balio beharko luke; etorkizunera begira gogoeta egiteko irudia, hain zuzen; izan ere, ez litzateke etorkizuneko argazki txarra. Donostiako udal talde guztien ordezkariak elkarrekin agertu ziren, helburu berbera zutela. Bilduk eta PPk, hain indar desberdinak izanda ere, ahalegin berean jardun zuten elkarlan ariketa ezezagun horretan. Denen jarrera, beraz, eredugarria izan da. Juan Karlos Izagirrerena, talde guztiak eta aurreko alkatea hautagaitzaren defentsan parte hartzera gonbidatzeagatik, eta talde horiena eta Elorzarena gonbidapena onartzeagatik. Atzoko irudi horrek arreta ematen zuen, ohikoa izan beharko lukeen jarrera hori, ez dago gogorarazi beharrik, salbuespena baita Euskal Herrian.

Salbuespenezko argazki horrek etorkizuneko jardun politikoa ordezkatuko balu, ordea, norabide demokratiko zuzen eta denentzat onuragarri baten zantzua izango litzateke. Kontua ez da, jakina, desberdintasunak ezabatzea, denek herri eta gizarte eredu berak izatea, baizik eta, eredu horien arteko desberdintasun bateraezin horien gainetik, errespetuak eta elkarguneak bilatzea. Bilatze hori izan beharko luke herri honetako alderdien harremanen ezaugarri nagusia. Horregatik, atzokoa etorkizuneko argazki egoki eta desiragarria da, desiragarria baita salbuespena izan dena ohiko bihurtzea ahalik lasterrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo