GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Pedro jaiak, bizitasunaren eztanda frenetikoa Eskoriatzan

Festa-kanpaiekin eta txupinazoarekin hasiko dira gaur, bertakoen berbak erabiliz, «Eskoitzako sanpedruak». Hasi berria den udararen eskutik, gazte eta zahar, neska eta mutil, guztientzat eskaintza oparoa duen egitarau bete-betea- rekin datoz jaiak, betiko ekintza kuttunekin zein berrikuntzekin. Herritarrentzat eta bertaratuko direnentzat, festa eginez festa bizitzeko, aprobetxatu beharreko aukera bikaina.

p019_f02.jpg

GARA

Arratsaldean, 18.00etan, festa-kanpaiekin eta txupinazoarekin hasiko dira Eskoriatzako jaiak. Bizitasunak eztanda egingo du, musika ezberdinen melodiak, frituren usaiak, azukre-belakiak eta barrakak haurrentzat, txosnak eta garagardoak gautxorientzat, mezak sinestunentzat, pilota partidak pilotazaleentzat, elkartasun ekintzak «sanpedruetan» egoterik ez duten herriko seme-alaba presoentzat, urteroko danborrada kuttuna, herri-bazkaria... Publiko guztientzat aukera zabala egongo da. Eskoriatzarrentzat zein Debagoieneko gainontzeko herrietatik, Durangaldetik eta Arabatik gerturatuko diren anai-arrebentzat.

Ugariak izango dira Gorosa- rri plazan izango diren ikuskizunak. Hala, bihar, San Pedro egunean, eguerdian, Oihulari Klown konpainiaren «Mamu txikiak» kale antzerkia izango da ikuskizun; arratsaldez, Niño Costrini artista internazionalaren emanaldia izango da, eta, gaueko hamaiketan, Kataluniako Mumusik Circus konpainiaren «Merci Bien» ikuskizuna. Gauero bezala, herriko plazan dantzaldia izango da; aukera bikaina beldurrak eta lotsak uxatuz dantzaren bidez gorputzari eta gogoari libre eta suelto adierazten uzteko!

Azpimarratzekoak dira, bestalde, aurten aurreneko aldiz izango diren bi ekintzak. Izan ere, barre algarak eta umore ona ziurtatuta daude Eingeinkek antolatutako koadrilen arteko jokoekin eta Playback Txapelketarekin.

Eta ostiralez, Euskal Jaia

Egun handia eta kuttuna da eskoriatzarrentzat festetako azkena. Sagardo, talo, trikiti eta txistularien konpainian goiza girotu eta gorputza berotu ondoren, euskal labeldun jakiez prestaturiko herri bazkari merke eta eder askoa izango dute zain eskoriatzarrek ostiralean. Lagun zaharrak agurtuz eta berriak ezagutuz, ondo jan eta hobe edateko aukera ezin hobea. Herri giro euskaldun eta jatorrean majo disfrutatzekoa.

Egunak jaietan ez daudenak gogoratzeko tartea ere ez du faltako. Preso eta errefuxiatuen aldeko ekitaldia izango da arratsaldean, eta, jarraian, Anje Duhalderen kontzertua.

Afari pasada egin edo afari legean urdaila bete ostean, pilotalekura hurbiltzen direnak partida ederrak izango dituzte. Lau t'erdiaren barruan Agirre eta Chafee neurtuko dira, eta, frontoi guztian, Mikel Goñi-Galarza VI.a eta Patxi Eugi-Lasa III.a bikoteak.

Gauerdian emango zaie jaiei amaiera bandera jaitsiera eta trumonada izugarriarekin. Baina gaua luzea izango da oraindik. Dantzaldia plazan, gau giro aparta txosnetan, jendea bero-bero eta gozo... gaupasa eder bat egiteko gonbit kitzikagarria.

Egunsentiak argitzerako, batek jakin noren ondoan egongo den bakoitza, gauetan, jaietan, laguna topatu ala ez. Hala bada, halatsu. Eta hala ez bada, halabiz. Edonola ere, paraje zoragarri eder batean argituko du egunak. Jende on eta interesgarria ezagututa.

«Sanpedruak» izan daitezela «eskoitzarrek» egindako ametsen neurrikoak!

berrikuntzak

Eingeinkek antolatuta bi ekimen berri daude aurtengo jaietan: koadrilen arteko jokoetan «Eskoitzako I. Banderia» irabazteko aukera izango da, ekainak 30ean, 20.00etan, txosnetan. Egun eta leku berean, 01.00etan, Playback Txapelketa egingo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo