GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekintzaz beteriko egitaraua Pasai San Pedroko jaietarako

Ezinbestean, Pasai San Pedro jaietan murgilduko da gaur, San Pedro egunaren bezperan hain zuzen ere. Iluntzean, 20.00etan, jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien suziria eta igandera arte ez da aspertzeko tarterik izango. Umeentzat hamaika joko eta ekintza antolatu dituzte, baita gazte, heldu zein nagusienentzat ere. Besteak beste, Bizardunak talde nafarrak kontzertua eskainiko du ostiralean, eta, larunbatean, Arraitxiki arrantza lehiaketa egingo dute.

p021_f02.jpg

GARA | PASAI SAN PEDRO

Euskal Herriko beste hamaika herritan bezala Pasai San Pedron ere jai giroa nagusituko da gaur hasi eta datorren igandera bitartean. Arratsaldeko lehen orduetatik izango da gaur non gozatua San Pedroko kaleetan, baina jaiak 20.00etan hasiko dira ofizialki, txupinazoa botatzearekin batera.

Egitarau oparoa antolatu du Jai Batzordeak, eta adin guztietako herritarrentzat hamaika ekintza izango da datozen egunetan. Hasteko, gaur bertan, txupinazoaren ostean, gay eta lesbianen ikurrina igoko dute plazan, hain justu, Gay eta Lesbianen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baita gaurkoa. Ondoren, helduen danborrada ibiliko da herriko kaleetatik gaueko hamarretatik aurrera; bukatzeko, DJ batek gaua alaituko du txosna gunean.

Biharkoa, berriz, egun berezia izango da, San Pedro eguna ospatuko baitute. Goizean diana izango da txistulariekin eta mezak ere izango du bere tartea. Jarraian, haurren artzain eta inudeak ibiliko dira San Pedron zehar. Arratsalderako ikuskizun ezberdinak antolatu dituzte. Batetik, antzerkia izango da herriko plazan. Ostean, Fandango eta Arin-arin Txapelketa Profesionala frontoian. Eta, bukatzeko, dantza ikuskizuna herriko frontoian.

Asteburua gerturatu ahala ekintzak biderkatu egingo dira. Ostiralean, besteak beste, ume eta gaztetxoenentzat ekintzak antolatu dituzte. Batetik, Piña Kurdin elkartean haurren bazkaria izango da. Ondoren, zezen mekaniko, puzgarri eta kartekin jolasteko aukera izango du nahi duen orok. 19.00etarako, aldiz, apar festa antolatu dute.

Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegiren eskutik egingo den bertso-triki poteoak ere giroa berotuko du arratsaldean zehar. Musika eta kantuek ostean ere jarraituko dute, herri afaria amaitutakoan Joseba Irazokiren kontzertua antolatu dute-eta. Kaian ere ez da musikarik faltako, Bizardunak taldeak kontzertua eskainiko baitu. Etxera joan nahi ez duenak, ordu txikitan, goizeko bostak aldera, txokolatada izango du Piñan.

Arrantza lehiaketa

Itsasertzean kokatutako herria izanik, arrantzak ere izango du protagonismoa jaietan zehar. Hain zuzen, bederatzigarrenez, Arraitxiki arrantza lehiaketa egingo dute larunbatean. Goizean goiz, 08.00etan, irtengo dira txalupak arrain bila, eta 12.30erako izan beharko dute lehorrean harrapatutakoa pisatzeko. Ondoren, 13.00etan, lehiaketako sari banaketa egingo dute Torreatzen.

Horrez gain, goizean zehar txaranga ibiliko da herrian eta Pala Goma Txapelketako finala ere jokatuko da frontoian. Lehia han eta hemen, izan ere, Paella Txapelketa ere antolatu dute eguerdirako frontoian. Bertan egingo dituzte ere koadrilen arteko bazkaria eta jokoak. Presoen aldeko bazkaria ere izango da Antxeta elkartean, eta kartelada 20.00etan. Gauean, Yellow Page eta Los Del Gas taldeek kontzertua eskainiko dute.

Igandean esango diete agur jaiei San Pedron. Hori bai, egun bete-betearekin: helduen artzain eta inudeak, erretiratuen bazkaria, txikien danborrada, erromeria eta zezensuzkoa izango dira.

OSTIRALA

Musika nagusi izango da ostiralean Pasai San Pedron. Batetik, bertso-triki poteoa antolatu dute Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegirekin, eta, bestetik, Joseba Irazokiren eta Bizardunak taldearen kontzertuak izango dira.

LASTERKETA

«Tratu ona nahi dut: pasa hitza» lelopean lasterketa egingo dute larunbatean, herritarrek haurren eta nerabeen babeserako udal planarekin bat egin dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo