GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako Azkartasun Txapelketako finala

Lizasok eta Garinek iragarpenak bete dituzte

Bai mutiletan eta baita nesketan ere alde handia lortu dute irabazleek.

p040_f01_555x555.jpg

Jon LEUN DA

Ez da ezusterik izan Gipuzkoako Azkartasun Txapelketan, eta Juan Joxe Lizasok, mutiletan, eta Arrate Garinek, nesketan, lortu zituzten bi txapelak. Lizasok, gainera, Gipuzkoako Federazioak antolatzen dituen bi lehiaketak irabazi ditu aurten, orain bi aste betiko erakoa ere bereganatu baitzuen.

Azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen dituen lehiaketa honetan bi garaileek alde handia eskuratu zuten. Lizasok minututik gorakoa, eta Garinek ere ia minutu batekoa. Emakumezkoek 35 metroko bi sail moztu behar izan zituzten, eta 100 metroko bi, berriz, gizonezkoek.

Emakumezkoen podiuma, honela geratu zen: lehenengo Arrate Garin (3.33), bigarren Alazne Etxaburua (4.27) eta hirugarren Naroa Geresta (5.08). Gizonezkoena, berriz, honela geratu zen: lehenengo Juan Joxe Lizaso (7.07), bigarren Mikel Alkorta (8.43) eta hirugarren Pello Argaia (9.02).

Txapeldunen Liga

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo, eta Juanjo Lopezek mendean hartu zuen Iñaki Azurmendi, Hernanin jokatutako saioan.

Sei proba ezberdin egin behar izan zituen kirolari bakoitzak, eta denak irabazi zituen egungo Urrezko Aizkorako txapeldunak. Bi aizkolari hauek jokatu zuten Buruz Buruko Txapelketako finalerdia, eta bazegoen ikusminik, baina atzokoan Lezaungoa askoz ere gehiago izan zen.

Kolpekakoarekin hasi zen ekitaldia, 45 ontzakoa zeinek gutxiagotan bota, eta hor normalean ateratzen dena baino alde handiagoa atera zion Lopezek Azurmendiri. Nafarrak 34tan amaitu zuen bere enborra, eta hamar gehiago behar izan zituen aizkolari gipuzkoarrak. Hortik aurrera Lopez, pixkanaka-pixkanaka, tartea zabaltzen joan zen, eta iraupen probara 54 segundoko tartearekin heldu zen. Aldea ia erabakigarria zen, baina azkeneko lanean, lau kana-erdiko erdibitzen ere Lopez hobea izan zen, eta amaieran merezitako garaipena erdietsi zuen Lezaungo aizkolariak.

Lan guztiak burutzeko 16 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Juanjo Lopezek. Azurmendik, berriz, bereak 17 minutu eta 32 segundotan amaitu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo