GARA > Idatzia > Kultura

Jedd Novatt eta Alfa Artek hiru «Chaos» berri sortu dituzte

Jedd Novatt eskultore estatubatuarraren eta Eibarko Alfa Arte fabrikaren arteko elkarlanetik sortutako hiru obra berri ezagutu ziren atzo eta jada badute norako bana; handienak Bretainia Handian egiten den Sotheby's saltokian parte hartuko du eta beste biak AEBetara joango dira.
p043_f01_97x164.jpg

GARA | EIBAR

New Yorkeko Brooklyn auzoan jaio eta Parisen bizi da Jedd Novatt eskultorea, baina badira sei urte bere sorkuntza lana Eibarren egiten duenetik. Bertan topatu du bere eskulturei forma emateko bila zebilen tokia, eta, dagoeneko, hogei obra inguru egin ditu.

«Chaos» sailari segida eman dio atzo aurkeztu zituen hiru lanekin eta horretan jarraituko duela baieztatu zuen gainera. «Oraindik betetzeke ditudan ametsak gelditzen zaizkit `Chaos' sailarekin», esan zuen. Gure inguruarekin daukagun harremana lantzen du obra hauekin eta ez zaio gehiegi gustatzen esanahiaz hitz egitea. Horretarako publikoari askatasun osoa ematen dio norberak bere interpretazioa egin dezan.

Zazpi metrotik gora

«Chaos Madrid» deitu dio atzo aurkeztu zituen eskulturetako bati. Zazpi metrotik gora neurtzen ditu eta 3.500 kiloko pisua dauka. Brontze patinatua erabili du obra honetarako, eta, Chatsworth jauregian (Derbyshire, Britainia Handia), Sotheby's saltokiak antolatzen duen eskultura monumentalaren erakusketan parte hartzeko aukeratu dute. Bertan mundu osoko artisten lanak izango dira ikusgai.

Bi obra gehiago ere aurkeztu ziren atzo. «Chaos Toledo» lana New Yorkera joango da eta «Chaos AMC», berriz, Los Angelesera. Novattek, bestalde, sortze prozesuan aurkitzen den laugarren lan bat erakusteko aprobetxatu zuen atzoko hitzordua. Altzairu herdoilgaitzarekin ari da oraingoan. Alfa Artetik adierazi zutenez, artistak lehendik ere erabili izan du material hori, baina, Eibarko tailerrarekin elkarlanean, lehenengo aldia izango da. «Material hau gero eta gehiago erabiltzen dute eskultoreek. Alfa Arteren kasuan, abantaila bat daukagu, izan ere, Grupo Alfatik bertatik ateratzen den materiala da, egunero lantzen duguna».

Artistaren eta lantegi eibartarraren arteko harremana 2005. urtean hasi zen, Donostiako Paseo Berriko Jorge Oteizaren eskultura Eibarren egina izan zela jakin zuenean. Alfa Artek «sentsibilitate paregabea dauka arte eta artistekiko», esan zuen Novattek atzo. «Lehenengo aldiz emakume bat ezagutzen duzunean bezala da. Ez dakizu zure bizitza betiko aldatuko duenik», gaineratu zuen.

Fitxa

Artista: Jedd Novatt.

Obra: »Chaos» saila.

Lekua: Alfa Arte, Eibar.

Norakoa: «Chaos Madrid»: Derbyshire (Britainia Handia).

«Chaos Toledo»: New York (AEB). «Chaos AMC»: Los Angeles (AEB).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo