GARA > Idatzia > Kultura

New Yorkeko Lincoln Center-en euskal zineari buruzko erakusketa egingo du Etxeparek

GARA | BILBO

Etxepare Institutuaren Patronatuak bilera egin zuen atzo Lakuan, Lehendakaritzaren egoitzan. 2011. urtea bukatzeko geratzen diren hilabeteetarako aurreikusita dituzten jardueren berri emateaz gain, 2012rako dituzten helburu, estrategia eta jardueren gaineko lehenengo zirriborroa ezagutzera eman zuten.

2012ari dagokionez, San Telmo museoan izango den euskarari buruzko erakusketa, New Yorkeko Lincoln Center ezagunean izango den euskal zinemari buruzko atzera begirakoa eta Madrilen egingo den euskal musika eta arte eszenikoen programazio jarraitua prestatzen dihardutela azaldu zuten. «Euskal kulturaren sareak garatzen eta sendotzen jarraitzea du helburu Etxepare Institutuak», esan zuen Aizpea Goenaga zuzendariak.

Ikastaroak eta hitzarmenak

2011ko bigarren seihilekorako nabarmentzen diren jardueren artean, bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan burutuko den «Excellence in Basque Studies» ikastaroa eta abenduan Berlinen izango den euskal koreografoen jaialdia nabarmendu zituzten, besteak beste.

Goenagak Patronatuko kideei urteko kontuak aurkeztu zizkien, eta, ostean, orain arte burututako kudeaketa azaldu zien, bide batez orain arte egindako jardueren berri emanez. «Euskal ikasketen katedrak abiarazteko atzerriko unibertsitateekin egindako lana», nabarmendu zuen Goenagak, baita hainbat erakunderekin sinatu dituzten hitzarmenak ere, esaterako, Cervantes eta Ramon Llul Institutuekin. Nazioarteko feria eta kongresuetan izan duten esku hartzea ere nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo