SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa
Gaztedik ere irabazteko aukerak badituela erakutsi du 600 kiloko lehen jardunaldian
J.L.
Gaztedi taldeak lortu zuen 600 kiloko lehen jardunaldiko garaipena, eta txapelak lortzeko aukerak izan badituela erakutsi zuen Aian jokatutako saioan. Orain arteko bi pisuetan Goiherri izan da txapelduna, eta pisu honetan ere faboritoa da, baina gogor ekin beharko du geratzen diren bi jardunaldietan titulua lortu nahi baldin badu.
Gaztedik saioko tiraldi guztiak bereganatu zituen, eta horrek lehen saioa bereganatzeko balio izan zion. Bigarren sailkatu zen Goiherri A, aurrekoekin galdu eta beste guztiak mendean hartuta. Hirugarren postua Mutrikurentzat izan zen. Gipuzkoarrek ezin izan zituzten mendean hartu ez Goiherri, ezta Gaztedi ere; aldiz, gainerako guztiei tiraldi denak irabazi ahal izan zizkieten.
Laugarren postuan, Goiherri B sailkatu zen. Erandiokoen bigarren taldeak aurreko hiru sailkatuen aurka ezin izan zuen ezer egin, baina Getxo eta Gaztedi mistoa azpian hartzeko modua egin zuen. Azkeneko postuan ez geratzeko lehian Getxo eta Gaztedi mistoa neurtu ziren, eta lehenak nagusitu ziren; izan ere, beste guztiekin tiraldi denak galdu egin zituzten bi taldeek.
Lehen jardunaldiaren ostean, honela geratzen da sailkapen nagusia: Gaztedi (6 puntu), Goiherri A (5 p.), Mutriku (4 p.), Goiherri B (3 p.), Getxo (2 p.) eta Gaztedi mistoa (1 p.). Bigarren jardunaldia datorren igande eguerdian jokatuko da Loiun, eta, hirugarren eta azkena, uztailaren 9an, Erandion, San Cristobal auzoan.