GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxilotutako animalien aldeko hamabi ekintzaileek bisoiak askatu izana ukatu dute

Egozten zaizkienak bezalako ekintzak burutzen ez dituztela argudiatu dute hamabi ekintzaileek. Bilbon atxilotuetako bat gertatu zaiona «asimilatzen» ari da, egoerak zein neurri hartu duen ezin ulertuta.

GARA | BILBO

Atxilotutako animalien aldeko ekintzaileetatik azkenak atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, polizia iragan astean bere bila etxera joan zenean bertan ez zegoelako. Bien bitartean, Guardia Zibileko agenteek hamabi ekintzaileak atxilotzeko erabilitako modua gogor salatu dute Equanimal eta Igualdad Animal taldeek. Fusilekin armatuta, zakurren laguntzarekin miatu zituzten Madril, Pontevedra, Gijon eta Bilboko etxeak. Pisuetara indarrez sartu ziren eta banan-banan denak miatu zituzten. Etxe guztiak «hankaz gora» utzi zituztela salatu dute halaber, baita bertatik ordenagailuak eraman zituztela ere.

Bilboko ekintzaileetako batek oraindik ere gertatutako guztia «asimilatzen» ari dela dio, ezin duelako sinetsi egoerak hartutako norabidea. Ez da lehen aldia ideologia honetako ekintzaileak atxilotzen dituztela, baina orain arte salaketen harira gertatu izan da. Azken operazioan, berriz, egoerak beste dimentsio bat hartu du.

Ekintzaileen aburuz, horren erakusle da «ekoterrorismo» hitza erabili dela komunikabideetan beraien aurkako operazioaz hitz egiteko. Horrekin jendea beldurtzea bilatzen dutela salatu dute Equanimal eta Igualdad Animal erakunde ekologistetatik, atxilotutakoak «oso arriskutsuak» balira bezala tratatu dituztela gaineratuz, «baketsua den mugimendua kriminalizatzeraino».

«Ez gara ekoterroristak»

Atxiloketen harira desinformazio handia egon dela salatu du kide batek. Eta horren erakusle da, bere aburuz, «ekoterrorista» hitzaren erabilera. «Hitz hori erabili dute diotelako bisoiak askatzea ingurugiroaren aurkako erasoa dela. Guretzat, ordea, `ekoterrorismoa' legez kanpoko isuriak dira, hondakin nuklearrak edo ustelkeriaz betetako hirigintza».

Ekintzaileek beren buruak «antiespezista» bezala definitzen dituzte. «`Espezismoa' espeziearen arabera diskriminatzea da», azaldu dio egunkari honi ekintzaile batek. Eurak «espezismoa» sexismoaren edota arrazakeriaren maila berean jartzen dute, gizonezkoaren interesak emakumearen interesen gainetik dauden bezala, edo arraza bat besteari gailentzen zaion bezala, gizakiak bere interesak beste animalien gainetik jartzen dituelako. «Finean, animalien nahiz gizakien aurkako ustiapenaren aurka gaude, askatasunaren alde egiten dugu», gaineratu du.

Leporatzen zaien ekintza nagusia 2007an Galiziako bi baserritatik 20.000 bisoi askatzea da. Ekintzaileek, ordea, esan dute eurek ez dutela ekintza horrekin inolako zerikusirik. Batetik, ez dutelako hainbeste animalia askatzeko gaitasunik, eta, bestetik, horrelako ekintzak ez direlako burutzen dituztenen neurrikoak. Azpimarratu dute larruginek beraiek onartzen dutela noizean behin animaliek ihes egiten dutela baserrietatik.

Burutzen dituzten ekintzen artean, beste beste, ezkutuko kamerarekin baserri edo hiltegietara sartzea dago. Bertan animaliek pairatzen dituzten egoerak grabatzen dituzte eta irudietatik abiatuta, ikerketak egiten dituzte gizarteari egoeraren berri emateko. Xedea kontzientzia sortzea da animalien ustiaketarekin amaitzeko: salerosketarekin, ikuskizunekin, animaliak jantziak egiteko erabiltzearekin...

Ekintzaileek jazarpena jasaten duten animaliak askatu ohi dituzten arren, sinbolikoki egiten dutela argudiatu dute; alegia, abere bakarra edo bakan batzuk besterik ez dituzte askatzen. Gainera, aurpegia ezkutatu gabe egiten dute eta erakundeko logotipoa begi bistan eramaten dute.

Jabetza pribatuetan sartzea eta zilegi ez diren elkarteak osatzea ere leporatu diete, baina gogorarazi dute bai Igualdad Animalek bai Equanimalek legea errespetatzen dutela. Horrez gain, irabazi asmorik gabe lan egiten dutela nabarmendu dute.

Atxilotuei elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko dituzte. Atzo, adibidez, Arriagan egin zen bat horrelako egoerak errepika ez daitezen eskatzeko.

BELDURRA

Equanimal eta Igualdad Animal taldeek salatu dutenez, «lobby»-ak beldurtuta daude gizarteak euren «praktika krudelen aurrean» erantzun duelako: «Bortxa erabiltzen dugula leporatu nahi digute gu geldiarazteko asmoz».

izena zikintzea

«Ekintzaile hauek `ekoterrorista' gisa hartzea guztiz sinestezina da», salatu dute erabat harrituta atxilotutakoen kideek. Estatu espainiarrak animalien aldeko mugimenduen izen ona zikindu nahi izan duela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo