Alfonso Cantera Gizarte hezitzailea
Maite duguna sutsuki defendatzeko unea iritsi da
Berriro ere, egungo jendartea bere horretan mantentzeko kaltegarria izan daitekeen egitasmo herrikoi bat kolokan, interes pribatuen onerakoMunduko txoko guztiek dauzkate beren berezitasunak, horretan zalantzarik ez. Baina badira, halaber, aparteko ezaugarriak dituzten guneak, berezi xamarrak suertatzen zaizkigunak, eta horietako asko gainera etxe alboan ditugu. Duela urte gutxi hasi nintzen Bilboko Errekalde auzoan jarduera profesionala burutzen eta esan beharra daukat ordutik, auzo hau sakonean ezagutu ahala, gero eta gustu handiagoa hartu diodala. Eta zerk egiten du berezi Errekalde? Auzotarrak ditut gustuko. Larraskituko dendaria, Uretamendiko parkeko haurrak, Erdikaldeko tabernariak, eskolako atezaina, prentsa kioskoaren arduraduna... aparteko izaera daukate guztiek, errekaldetar izaeraz harrotasunez beterikoa. Auzo identitateak liluratzen nau bestetik. Bere iraganarekin jabetua dagoen auzoa dugu eta horrek indartu egiten du esperientzia kolektiboetan oinarrituriko identitatea. Auzokideen eskubideen aldeko borroka anitzen historia da Errekalde auzoko historia. Auzokideen bizi kalitatearen aldeko eta instituzioek auzoarekiko erakusten zuten utzikeriaren kontrako borrokek taxutu dute urteetan zehar leku gutxitan topatu daitekeen elkartasun sare komunitarioa, harro egoteko moduko ondarea, zalantzarik gabe... Horiek guztiak eta askozaz ere adibide gehiago aipa genitzake Errekaldeko berezitasunak zehazteko. Eta zerrendaketa hau burutzerakoan, ezin ahaztu Kukutza gaztetxea.
Bihotz bulkada ugarik mantentzen dute bizkortuta auzoko eguneroko bizia, baina bada, Errekaldeko erdigunean kokaturik, auzoko zainetan zehar odol bolumen kopuru handia zabaltzeko gaitasuna duen bihotz indartsua. Duela hamahiru urte, abandonatutako fabrika handi bat okupatuz abiarazi zuten Kukutzako abentura polit hau auzoko zein kanpoko hainbat gaztek. Apurka, kolektibotasunaren eta elkartasunaren balioetan oinarrituta, egun ezagutzen dugun egitasmo eredugarria osatuz joan dira: eraikuntza erraldoia auzolanaren indarraz egokitu, barazki jantoki herrikoia sortu, auzokideentzat guztiz zabalik dauden liburutegi eta bideoteka, gimnasio eta rokodromoa egokitu... Musika taldeentzako entsegu gunea, kontzertuak ospatzeko azpiegitura eskuratu, makina bat sorkuntza artistiko gauzatzeko espazioa egokitu, auzoko elkarteei azpiegitura eskaini, auzoko haurrentzako malabarismo tailerrak astero antolatu, auzoko jai herrikoien aldeko ekarpena gauzatu eta programazio propioa eskaini, auzokideen topaketa eta indar metaketa eraldatzailea bultzatzeko ariketa praktikoen proposamena luzatu, autogestio ikastaro herrikoi eskaintza zabala herritar guztiei luzatu, Okupazioaren Aldeko I. Kongresua ospatu... Egunetik egunera, Errekalde abegikor eta atseginagoa sortzeko jardunbidean tematuak, egunerokoan utopiak egia bilakatzen dihardute Kukutzako gazte eta ez hain gazteek.
Helburu handi eta zintzo hauek egia bihurtzeko beharrezkoak diren osagairik garrantzitsuenak egiten dute bat auzoko gaztetxean: auzoarekiko maitasuna, kultura herrikoia eta parte hartzea sustatzeko nahiak, autogestioan eta asanblearismoan oinarrituriko jarduna, auzo sarea sendotzeko erabakia eta jendartea eta norbanakoak balore aurrerakoien arabera eraldatzeko gogo bizia. Urteetan buruturiko lan zintzoaren ondorioz, aparteko tokia eskuratu du Kukutzak auzokide gehienen bihotzetan, eta haren desagerpena auzoko garapenerako jasangaitza bilakatu da. Posible litzateke olaturik gabeko itsasoa...? Inork imajina dezake egunotan Kukutzarik gabeko Errekalde...? Ez horixe!
Baina egunotan bolo-bolo dabil auzoko haur eta nagusien elkarrizketetan Kukutzaren amaiera gertu egoteko aukera madarikatua. Errekaldetarren beharrizanak gertutik ezagutzen ez dituen Cabisa enpresa Kukutzako eraikin handia eraitsi nahian dabil, bertan salerosketa askeko sei etxebizitza eraikin sortzeko asmoz. Berriz ere, gutxi batzuen interes ekonomikoak auzokideen ongizatearen gainetik indarrez inposatzeko saioa dugu amesgaizto. Berriro ere, egungo jendartea bere horretan mantentzeko kaltegarria izan daitekeen egitasmo herrikoi bat kolokan, interes pribatuen onerako. Iritsi zaigu unea, auzoaren interesak defendatzeko unea. Iritsi da auzokide elkartasun sare eta egitasmo herrikoien bidez auzoetako garapena defendatzeko unea. Iritsi da horrenbeste maite dugun hori sutsuki defendatzeko momentua. Nork bere esparrutik, nahi besteko konpromiso maila baliatuta, baina denak helburu bera buruan zein bihotzean. Bihar, ekainak 30, norabide honetan lehenengo urratsak emateko aukera paregabea daukagu Kukutzako maitaleek. Gaztetxearen defentsan kalejira bat egingo da Errekalden zehar, auzoko jaiak direla baliatuta, eta arratsaldeko zazpietan abiatuko da. Borroka egin dezagun gaur, hainbeste urtetan eskuratutako ondarea desagerrarazi ez dezaten, Errekaldeko historia jabego pribatuaren defendatzaileek eta espekulatzaileek idatzi ez dezaten.