Mikel Aramendi Kazetaria
Eta irabazlea Pakistan izango da
Bigarren mailako beste protagonista guztiek ere badakite zein den hautua: Pakistanek (bere armadak, zehatzago) erabakitzen duenaren alde ala kontraSei urte dira beste batek galdera ikurrarekin lehendabizi asmatu baina segituan, Salon.com sareko aldizkari berberean, Juan Cole historialari eta analista estatubatuar entzutetsuak esaldi biribil eta baiezkoan laburbildu zuela: «Irakeko gerra amaitu da, eta irabazlea... Iran da». Garai hartan egin berriak ziren Irakeko hauteskundeen emaitzen harira zetorren hausnarketa, baina geroak erakutsi du askoz adiera zabalagoan ere onar daitekeela baiespena, eta topiko bihurtu da kasik Bush, Cheney eta abarrek 2003an hasi zuten abentura militarra epaitzerakoan. 1980an eraso militar anker batez ebatsi nahi zitzaion itzal politiko eta estrategikoa doan oparitu zitzaion 2003an Iran khomeinistari. «Ala zuzena eta ahaltsua da!», esango du baten batek.
Persiako Golkoko korapilo horren bikia ere heldutasun sasoira heldu dela ematen du, eta une aproposa izan daiteke Cole eta abarren gisan aldarrikatzeko: «Afganistango gerra amaitzear da, eta irabazlea... Pakistan da». Ofizialki behintzat hartan inoiz esku hartu ez duena, alegia. Berriro.
Estatubatuar tropak etxeratzeko egutegia ezarriz Obamak egin duen aldarrikapen ofizialak, jada martxan zegoen lehia bizkortzea besterik ez du egingo, noski. Okupatzaileak, erabat edo gehienbat, desagertzen direnean boterea noren esku geratuko den erabakitzeko norgehiagoka abiatuta zegoen jada; Petraeusek Iraken garatutako errezeta zela funtsean Afganistanerako ere erabili nahi zena argi zegoen unetik, gutxienez. Orain egitasmo horrek bide-orri eta data zehatzagoak ditu, eta orain arte isilpean emandako urratsak ere argitaratzen hasi dira. Eta gero eta garbiago ikus daiteke, hamar urte gerran eta okupaziopean eman ondoren, Afganistanen etorkizunaren giltza Pakistango Armadaren eta haien esaneko talibanen eskuetan egongo dela.
1990eko hamarkadan bezalaxe. Orduan M. Najibullahak jokatu zuen papera H. Karzairi egokitzen zaio orain (espero dezagun akaberan bederen ez kidetzea). Eta hark zuen aliatu ziur bakarrarekin, Indiarekin, aritu beharko du honek ere beste guztiak desagertzen zaizkionean. Bigarren mailako beste protagonista guztiek ere badakite zein den hautua: Pakistanek (bere armadak, zehatzago) erabakitzen duenaren alde ala kontra. Bestelako kontua da zertzen ari den agertoki horrek norainoko atsegina ematen dien pakistandar uniformedunei une honetan. Iragan astean argitaratu den Ali Khan brigada jeneralaren atxilotzeak susmarazten du, eman den bertsio ofizialaren faltsutasunetik haratago, hautsak harrotuta daudela Pakistango Armadaren goi eta erdi mailako ofizialen artean. Eta Kayani, Iqbal eta gainerakoen agintea auzitan dagoela.
Osama bin Laden babestu (lehen) eta entregatu (orain, gero eta ozenago esaten denez) izana litzateke ezinegonaren pizgailu zuzena. Baina sakoneko edukia askoz potoloagoa da: Ameriketako Estatu Batuekiko elkarlan (eta dependentzia) militarra legoke auzitan, Asia Hegoaldeko aliantzen eskema klasikoa pitzatzen eta aldatzen ari denean.