GARA > Idatzia > Mundua

PSko primarioetara aurkeztu da Aubry, Estatu frantseseko presidente izateko asmoz

Ez da kasik sorpresarik izan; Martine Aubryk atzo aurkeztu zuen datorren urteko presidentetzarako bozetan Alderdi Sozialistako hautagai izateko hautagaitza. Alderdi barruko primarioetan defenditu beharko du bere burua lehenbizi, ordea, Francois Hollande eta Segolene Royalekin batera.
p033_f01_46X60.jpg

GARA |

Estatu frantseseko Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Martine Aubryk herrialdeko presidente izan nahi du, eta azken helburua hori izanik, alderdiko hauteskunde primarioetarako bere hautagaitza aurkeztu zuen atzo Lille hirian -bertako alkatea ere bada-. Hautagai aurkeztu izanak ez du ezustekorik eragin, Aubry berak esana baitzuen horretarako asmoa zuela.

Atzo zabaldu zen, ordea, udazkenean egingo diren Alderdi Sozialistako boz primarioetarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta bere politika gidatuko duten zertzelada nagusien berri emateko profitatu zuen Aubryk. Hain zuzen, herrialde «berritzaile, lehiakor eta ekologiko» bat irrikatzen duela azpimarratu zuen, «etxebizitza izateko eskubidea, segurtasunaren bermea, pentsio duina, osasun arretarako sarbidea, eskubide berdintasuna eta zerga sistema berritzailea» aintzatetsiko dituena. Asko arduratzen dituen ekonomia izan zuen, batik bat, mintzagai, eta izenik aipatu ez zuen arren, kritika zorrotza egin zion egungo sistema politikoaren lema daramaten ordezkariei. «Aginduko duen presidentetza behar dugu, gobernatuko duen gobernu bat; ezin da frantsesen aurka eginez agindu», azaldu zuen Nicolas Sarkozy presidenteari erreferentzia eginez.

Aubry ez da, dena dela, Alderdi Sozialistaren gidaritza eramateko prestutasuna agertu duen bakarra, Tulle hiriko alkate eta alderdiko idazkari nagusi ohi Francois Hollande, eta duela lau urte presidente-hautagai izan zenak ere, Segolene Royalek, eman baitute izena norgehiagokan. Uneotan etxeko atxiloaldian dagoen Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohi Dominique Strauss-Khan ere parte hartzekoa zen, baina sexu abusuen akusazioa tarteko, hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo