GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskubide urraketa zigortuta, hamaikagarrenez

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berriro zigortu du Estatu espainola herritar baten eskubideak urratzeagatik. Oro har, oso gutxitan egiten dute aurrera Europar Batasuneko estatu kide baten aurkako salaketek, baina Estatu espainolaren kasuan ezin da horrelakorik esan. 1992an ezarri zion lehenengo zigorra Estrasburgoko Auzitegiak, Miguel Castells abokatuak artikulu batean Poliziaren eta gerra zikinaren hilketen ikerketarik eza salatzeagatik, eta 2009 arte Estatu espainolak ez zuen beste zigorrik jaso. Urte horretaz geroztik, ordea, pilatu egin zaizkio zigorrak: Mikel Iribarren iruindarrari Poliziak 17 urte lehenago egin zion eraso basatiagatik; 2010ean, Mikel San Argimiroren tortura salaketa ez ikertzeagatik; aurtengo martxoan, Aritz Beristainen tortura salaketa ez ikertzeagatik; eta hil berean, Arnaldo Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Atzo jakinarazitako ebazpenak ere zigortu du Estatu espainola, Frantzisko Lizaso atxilotu zutenean, Gobernu espainolak Gipuzkoan zuen ordezkari Jose Maria Gurrutxagak erruduna zela esateagatik, Lizasoren errugabetasun presuntzioa urratzeagatik, beraz. Estrasburgoren ebazpenen kontaketa kronologikoak agerian uzten du Estatu espainolean eskubide urraketak ohikoak direla; salbuespena barik, jokaera baten erakusgarri direla. Areago kontuan izanda esandakoak Auzitegi horretara jo duten kasu bakanak baino ez direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo