GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ze berri, zarrak berri!»... Zumaiako sanpedroetan

Tolosako dultzaineroen saioak, buruhandi eta erraldoien kalejirak, sanpedroetako ohiko danborrada, Udal Musika Bandaren kontzertua, DJ JONen musika saioa, dantzaldi eta txarangak, suak, haur jokoak... Zumaiako sanpedroetako egitarauak azken urteotako osagaiak ditu aurten ere. Atzo hasi ziren jaiak eta bihar arte iraungo dute.

p025_f02.jpg

GARA

Herriko patroiaren egun «ofiziala» gaurkoa den arren -ekainak 29-, atzo hasi ziren festak eguerdiko hamabietan, txupinazoarekin. Ohi bezala, Tolosako dultzaineroak izan ziren jaietako lehen minutuak alaitu zituztenak. Kaleetan zehar ibili ziren, ordubete geroxeago Alma Navarraren txanda iritsi zen arte.

Jota talde nafarra 1973. urtean sortu zen Iruñean eta dagoeneko hamaika disko ditu kalean. Egun laukotea osatzen dutenak -Rocio Aranaz, Jose Manuel Aranaz, Enrique Huarte eta Garbiñe De Miguel- herriz herri ibiltzen dira, batez ere uda partean eta beti ere zuri-gorriz jantzita, taldeko abestirik ezagunenak kantatzen; honako hauek, besteak beste: «Bravo Indurain», «Aupa la ribera», «En Navarra me crié», «Llevo la jota en la sangre», «Las raíces de la jota», «De llorar me quedé ciego» eta «Por el mundo cantaré».

Eguerdi parteko atsedenaldiaren ondoren, arratsaldeko seiak aldera, buruhandi eta erraldoien kalejira abiatu zen udaletxe paretik, oraingoan ere Tolosako Dultzaineroak lagun zituztelarik. Ordubetera geroago, «Momento ridiculi» antzezlanarekin gozatu ahal izan zuten haurrek kofradiako plaza txikian. Ordu berean hasi zen Gauerdi txaranga herriko kaleak alaitzen.

Joxe Mari Mendizabalen kantaldiak alaitutako «Euskal parrilla» afari-meriendarekin -Eusko Labeleko oilasko lumagorria eta sagardoa-, sanpedroetako danborradarekin eta Laiotz taldearen dantzaldiarekin bukatu zen San Pedro bezperako jai eguna.

Gauean, 22.30 aldera Itsas Kiroldegitik abiatu ondoren eta udaletxe aurrean gauerdian herriko ikurrinaren igoeran parte hartu aurretik, danborradak geldialdi berezi bat egin zuen beheko plaza parean, Algorri futbol peñakoei Realeko himnoa eskaintzeko. Dena den, aurtengo danborradako benetako protagonistak herriko Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideak izan dira, danbor hotsak eurei eskaini baitizkiete danbor-joleek, urtean zehar isilean egiten duten lana eskertu nahian.

Gaur, San Pedro eguna

Jaiak atzo hasi eta bihar amaituko diren arren, gaur da egun handia, San Pedro eguna. Horrexegatik ospatuko da gaur goizean, 11.30etik aurrera, urteroko meza nagusia parrokian Amaia Aldalur herritarrak zuzendutako San Pedro Abesbatzaren parte hartzearekin. Organo-jotzailea, berriz, Mari Carmen Azpeitia Iparragirre izango da. Hau ere herritar ezaguna.

San Pedro eguna, hala ere, pare bat ordu lehenago hasiko da, 9:00ak aldera, berriz ere Tolosako Dultzaineroen kalejirarekin. Eta, eguerdi partean, 13.00etatik aurrera, Udal Musika Bandak eta herriko Bertso Eskolak «Ze berri, zarrak berri! Bertso Berrixak Zumaiako herrixan!» izeneko ikuskizun berezia eskainiko dute Beheko Plazan. Haizea Aizpurua, Unai Sarasua, Jone Urbieta, Oihana Urkidi, Maialen Velarde eta Oier Aizpurua bertsolari gazteek hartuko dute parte.

Ordu berean, Amaiako plazatik abiatuta, Jone eta Miren trikitilarien kalejira hasiko da.

Arratsaldean, berriz, herri kirolen txanda iritsiko da. Atutxa II.a-Azurmendi eta Arrospide-Mugerza II.a aizkolariak arituko dira Beheko Plazan, 18.30etik aurrera. Eta, gero, Iñaki eta Inaxio Perurena harri-jasotzaileen saioak ikusteko parada izango da.

Ordu erdi geroago, 19.00ak aldera, txikienek hitzordu berezia dute Ondartxo plazan, apar festa freskagarria zain izango dutelako. Eta DJ JONen lehen saioaz gozatu nahi dutenek, berriz, Amaiako plazara hurbildu beharko dute 20.00etan.

Urtero bezala, San Pedro egunean su festa izango da, kasu honetan Valecea etxearen eskutik. Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko 47. Lehiaketan brontzezko Maskorra jaso zuen iaz Aste Nagusian Arabako piroteknia etxeak.

Behin suak bukatu ondoren, kalejira egingo dute Gurrutxaga plazaraino dultzaineroen doinuek lagunduta. Eta, eguna bukatzeko, dantzaldia izango da Musika Bandarekin plazan eta DJ JONen saioa Amaiako plazan.

Sanpedroak bihar bukatuko dira, eta egun osoan Beheko Plazan parke erraldoia izango da.

Jaiak bukatu arren, dena dela, asteburuan izango da zer ikusi eta entzun Zumaian: larunbatean, 16.00etan, piragua estropada (Zumaia-Sakoneta-Zumaia); 19.00etan, «Alicia» kale antzerkia; 22.30ean, Boxeo Gaua kiroldegian; eta 23.00etatik aurrera, Beheko Plazan, «Melissa and The Jacks» kontzertua. Igandean, berriz, 11.30ean Gernika parkean, Gipuzkoako arraza libreko ardi txakur kanporaketa izango da.

Gainera, ZUGA Zumaiako Gazte Asanbladak Okupazio Eguna prestatu du eta, gaztetxea okupatu zutenekoa gogora ekartzeko, bizikleta-poteoa, jolasak eta beste hainbat ekitaldi antolatu ditu larunbaterako.

kontzertu berezia

Gaur, 13.00etan, Udal Musika Bandak eta herriko Bertso Eskolak «Ze berri, zarrak berri! Bertso Berrixak Zumaiako herrixan!» izeneko ikuskizun berezia eskainiko dute Beheko Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo