GARA > Idatzia > Kultura

Umore surrealista izango da nagusi Bilboko Barrea literatura eta arte jaialdiaren bigarren urtean

Irailaren 28tik urriaren 2ra bitartean ospatuko da Bilboko Barrea Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko Astearen bigarren edizioa. Umore surrealista izango du ardatz eta Francisco Ibañez omenduko du.

p050_f01_97x152.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Iaz abiatutako Bilboko Barrea jaialdiak bigarren edizioa izango du irailaren bukaeran, eta aurten, nobedade gisa, artea ere aipatu dute azpitituluan. «Umoredun arte grafikoari eta ikus-entzunezkoei ere ireki nahi izan diogu aurten jaialdia», esan zuen atzo Juan Bas zuzendariak. Ez da berrikuntza bakarra izango, emanaldiak eta hizketaldiak ere izango baitira aste horretan zehar. Hau guztia posible izan da, Basen esanetan, aurrekontuak izandako «gorakadatxoari» esker, nahiz eta ez zuen zehaztu zenbatekoa izan den azkenean.

Bilbo bisitatuko duten idazleen artean dira, besteak beste, Frederic Beigbeder, Elvira Lindo, David Lodge, Montero Glez, Luis Magrinya eta Jose Carlos Somoza. Protagonista nagusia, baina, Francisco Ibañez izango da, berak jasoko baitu bigarren BBK Bilboko Barrea saria.

Jaialdiak hiru kokaleku izango ditu: Kale Nagusiko BBK aretoa, Alondegia eta Areatzan kokatuko diren karpak. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Euskararen presentzia eskasa

Ekintza mordoa antolatu dute aste osorako eta, horien artean, kontu bakarra aurki daiteke euskaraz: Alberdaniak argitaratuko duen umorezko kontakizunen bilduma liburuan, Harkaitz Canok euskaraz eta gaztelaniaz idatzitakoa izango da.

Gainerako ekintzei dagokienez, lau erakusketa izango dira: Jacques Carelmanen «Ezinezko objektuak», Francisco Ibañezen obrari buruzkoa, Juan Carlos Eguillorri eskainitako erakusketa monografiko bat eta Jesus Zuleten Guiñolak.

Hiru mahai-inguru ere izango dira: «Farmacopea, alcohol y drogas en el humor literario», «El humor en la columna de prensa» eta «El humor surrealista». Hizketaldia, berriz, «Humor y totalitarismo» gaiaren inguruan izango da, Moskuko Cervantes Institutuko kultura arduradun Tatiana Pigariovarekin eta Albert Boadellarekin.

Emanaldiei dagokienez, Pedro Reyesek bere bakarrizketa saio berria eskainiko du eta Diego Arjona umoristak ere show bat egingo du. Iaz bezala, liburu aurkezpen eta autoreen sinatzeek osatuko dute programazioa.

Mortadelo eta Filemonen aita Bilbon izango da

Francisco Ibañezek jasoko du bigarren BBK Bilboko Barrea saria -lehenengoa Tom Sharpe idazle britainiarrak jaso zuen-, «umoreari eskainitako karrera oso batengatik», esan zuen Juan Bas jaialdiko zuzendariak. 1936an Bartzelonan jaiotako komikilari hau Mortadelo eta Filemon pertsonaien aita izateagatik da batez ere ezaguna. Hala ere, 1952tik titulu mordoa argitaratu ditu Marco, Bruguera eta Grijalbo argitaletxeekin. Batzuk aipatzearren: «La vuelta al mundo en ochenta meses», «Don Usura», «El botones Sacarino», «13, rue del Percebe», «Rompetechos» eta «Pepe Gotera y Otilio, chapuzas a domicilio».

Bilboko Barrean, 25.000 euro eta Jesus Morua artista portugaletetarraren oroigarria jasotzeaz gain, parte hartze aktiboa izango du. Izan ere, urriaren 1ean, larunbata, Juan Bas jaialdiko zuzendariak jendaurrean elkarrizketatuko du BBK aretoan. Igandean, berriz, marrazkilariak liburu sinaketan parte hartuko du Areatzako karpan eta, berari eskainitako erakusketan, bere pertsonaia ezagunenak ikusteko aukera izango da. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo