GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Buruz burukoa

Patxi Mindegiak apustu handi bat jokatzeko deia egin dio Daniel Vicenteri

Jon LEUNDA

Patxi Mindegiak apusturako deia egin dio Daniel Vicenteri. Zubietako aizkolari gazteak aukera bat baino gehiago ematen dizkio, gainera, Otsagabiko kirolariari.

Lehen aukera, hogei kana-erdiko enbor moztea izango litzateke, egurrak etzanda jarrita. Bigarren aukera hamasei kana-erdikotara jokatzea izango litzateke, baina kasu honetan enborrak zutik jarrita. Azkeneko aukera, berriz, trontzan izango litzateke, baina bakarka, eta kana-erdiko enbor bati ehun epai eman beharko lizkiokete.

Miel Mindegiaren semeak 12.000 euro jokatuko lituzke, eta apustua abenduan jokatzeko izango litzateke. Sarreratan ateratzen den diru guztia, berriz, irabazleak jasoko luke. Daniel Vicentek erantzun nahi baldin badio, Mindegia datorren larunbatean Azpeitian, Mendizabal jatetxean, egongo da Otsagabikoaren zain, eta han erabakiko dituzte gainerako baldintza guztiak.

Patxi Mindegia eta Daniel Vicente aizkoran aritzeaz gain, Timber Sportek Espainian zehar antolatzen dituen lehiaketetan ere aritzen dira, eta han aizkoran, trontzan eta motozerran egin behar izaten dute. Joan den ostiralean jokatu zuten finala Leonen, eta badirudi han sortu zela bien arteko eztabaida eta hortik datorrela desafio hau.

Apustua gauzatuko balitz, uda eta gerorako bigarrena izango litzateke, Zalduak eta Otaegik lotuta baitute aizkoran eta korrikan desafioa. Hori udazkenerako dago hitzartuta, eta nafarren artekoak aurrera egingo balu, Gabonak inguruan izango litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo