GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gose eta Bizardunak taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute Diman

Hurrengo egunetan Dimara hurbiltzen direnek San Pedro jaietako egitarau oparoaz gozatzeko beta izango dute. 400 lagunentzako herri bazkaria, gastronomia lehiaketak, maila guztietako pilota partidak, kale animazioa, erromeriak, dantzak, bertsolariak, umeentzako puzgarri eta jolasak eta herri kirolak. Horretaz guztiaz gain, gustu guztiak asetzeko taldeen zuzeneko musika emanaldiak prestatu dituzte hurrengo egunetarako.

p022_f02.jpg

Beñat ZARRABEITIA | DIMA

Igorreri lekukoa hartu eta hemen dira Dimako San Pedro jaiak. Hainbat dira prestatu dituzten ekimenak, baina jende gehien bilduko dutenak asteburu partekoak izango dira. Aurretik eta motorrak berotzeko, adin guztietako jendearentzako eskaintza izango da. Gaur adinduak izango dira protagonista. Eguerdian, 85 urtetik gorako dimoztarrei omenaldia egingo diete. Gero, 65 urtetik gorakoen bazkaria izango da. Postrearekin batera, trikitilariek Arratiako herriko kaleak alaituko dituzte.

Txapelketa ugari izango da, bestalde, Dimako San Pedro jaietan. Bihar, 21.00etan tostada, bakailao eta tortilla txapelketak aurkeztuko dira. Gero, Lotxo taldearekin erromeria izango da.

Pilota txapelketako finalak

Asteburuan ekimenak eta jarduerak bata bestearen atzetik etorriko dira. Umeek puzgarriak, ohe elastikoak eta zezen mekanikoarekin jolasteko aukera izango dute. Arratsaldean, herriko pilota txapelketako finalak jokatuko dira; aurrena haurrenak, eta horien ondoren, 19.00etatik aurrera, gazte eta nagusien txanda izango da. Bitartean, Kale Animazioa eta pintxo poteoaz gozatzeko aukera izango da Dimako kaleetan.

Eskualdeko musika taldeek ere lekua izango dute San Pe-dro jaietan. Uztailaren 1ean, 23.00etatik aurrera, Bidean Galduta, Larregi eta Gora Herria taldeak arituko dira. Bidean Galduta Lemoako eta Igorreko gazteek osatutako taldea da.

Euren esanetan, Lor, Berri Txarrak, Gatibu, RHCP eta Green Day taldeen eragina dute. Larregi, aldiz, Lemoatik dator. Iazko ekainean maketa kaleratu eta orain Myspace-en abesti berriak entzungai dituzte. Lemoako Karabie gaztetxearen hamargarren urteurrena ospatzeko «Milaka amets norabide bakarra» kantua osatu dute biek, Sokaide eta Amaiur taldeetako abeslari Naroa Gaintza eta KOP talde kataluniarreko Juanra Rodriguezen kolaborazio bereziarekin.

Ostiral gaueko ajea alde batera utzita, umeak izango dira berriz ere protagonista larunbat goizean. Geroxeago, Dimako jaietako egitarauko unerik parte-hartzaileena helduko da: 400 lagunentzako herri bazkaria. Bitsen jaia eta herri kirolek arratsaldea beteko dute. Gauean, ehunka lagun hurbilduko dira Nin, Porco Bravo, Bizardunak eta Gose-ren kontzertuek erakarrita.

Bizardunak taldeak irlandar doinu nafarrekin eta euren letra ironiko eta zirikatzaileekin beteko du Dimako gaua. «Zugzwang» bere bigarren laneko abestiak aurkeztuko dituzte. Gosek sortu eta berehala arrakasta itzela izan zuen euskal musika eszenan. Trikitia eta musika elektronikoa nahasten dituzte Ines Osinaga, Iñaki Bengoa eta Osoron arrasatearrek. Ekon, Bad-f-line eta Des-Kontrol taldeetan arituak, eskarmentua duten musikariak dira, eta egun hiru lau diskorekin Euskal Herriko hainbat herritako eszenatokiak betetzen dituzte Gose taldearekin.

Dimako sanpedroak igandean amaituko dira. Goizean umeentzako jolasak izango dira berriro ere. Dantza gustuko duten pertsonek Gazte Barri taldearen saioarekin gozatuko dute. Berdin bertsozaleek, Amaia Agirre, Jone Uria, Beñat Gaztelumendi eta Xabier Silveira Diman izango baitira. Jaietako egitarauko azken ekimena, «Mediopelo» antzezlana.

ESKUALDEKO TALDEAK

Ostiralean eskualdeko taldeen kontzertuak izango dira Bidean Galduta-ko kideak Lemoa eta Igorreko gazteak dira. Larregi taldea Lemoatik dator eta bertako gaztetxearen hamargarren urteurrena ospatzeko kanta egin dute.

BERTSOLARIAK

Dimako San Pedro jaiei amaiera emateko, igandean bertso saioa izango da. Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria eta Xabier Silveira arituko dira. «Mediopelo» antzezlanak osatuko du egitaraua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo