GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zapia lepoan eta euskara ahoan» leloak jaietan jarri du Sopela

Euskara eta festa uztartzeko deia egin zien atzo Aitxu! euskara taldeak sopeloztarrei San Pedro jaien pregoia irakurtzerakoan. Aurretik banatutako zapi koloretsuak jaiei ekiteko prest zeuden herritarren lepoetan ikus zitezkeen nonahi, «Zapia lepoan eta euskara ahoan» leloa gorpuztuz.

p018_f04_112x177.jpg

GARA | SOPELA

«Euskararen lekuak gaur ez dau lepoan jarraitu behar, gure ahoetan baino. Horregatik gaur, hemen, udaletxeko balkoi honetatik hauxe dinogu: zapia lepoan! Euskara ahoan! Gora sanpedroak! Gora Sopelako jaiak!».

Eta Sopelako plazatik atzo iluntzean altxatu zen ahots ozena jaietan murgildu den herri baten isla zen. Batutakoek, zapi koloretsua zeramaten lepoan, eta Nafarroa Oinez jaiko 1999. urteko edizioan ezaguna egin zen «Jaso dezagun euskara» abestia ahoan.

Pregoia, zapia eta abestia Aitxu! euskara taldearen eskutik etorri ziren.

Landutako aldarriak herri honetan azken urteotan egin den bidearen berri ere ematen zuen. «Makina bat denbora da euskara lepoan hartuta gabiltzala. Egun batean hortxe ikusi genduan, lurrean galzorian. Indarrak batu eta lepora altxatu genduan euskara, Nikola Telleriak erakutsi euskun moduan», zioen pregoiak herriko ikastolako sortzailetariko bat izan zen euskaltzale sutsua gogoratuz.

«Eta ordutik ganen daroagu euskara. Gau-eskoletan, ikastoletan, eskola publikoan, euskaltegietan, euskara lepoan hainbeste urtetan. Horri esker gaur euskara bizi da», adierazi ostean, dagokion lekua naturaltasunez emateko deia egin zuten Aitxu! taldekoek.

Duela lauzpabost urte hasi ziren lanean, euskara alorrean herrian egindako ahaleginak kalean ez zirela ikusten konturatu zirenean. Aurtengoan, pozez gainezka hartu dute pregoia irakurri eta txupina botatzeko ardura. Urtean zehar egindako lanaren aitorpentzat jo zuen Mikel Begoñak, lehen aldiz jaiei hasiera emateko zeregina hartu duen elkarteko kideak.

Alkate moduan igarotzen dituen lehendabiziko jaiak izango dira aurtengoak Saioa Villanuevarentzat. Aurreko udal gobernuak antolatutako egitaraua ahalik eta ondoen kudeatu eta hemendik aurrera festak parte-hartzaileagoak egitea du helburu Bilduko alkateak.

Gogotsu hartu ditu herriko festak Villanuevak, jendearekin egoteko aukera ezin hobea izango baitira. Alkateak txosnen batzordeak jaiak parte-hartzaileagoak izateko egindako ahalegina azpimarratu du. «Gure filosofiarekin bat dator», nabarmendu du Villanuevak.

Egitarauari so eginez, alkateak gustukoen dituen jarduerak tankera horretakoak dira: Bakailao Txapelketa, pilota partidak -ostegunean txosna batzordeak antolaturiko Esku Pilota Txapelketako finala jokatuko da-, emakumeen parte hartzea dutenak....

Irekiera ofiziala baino ordu erdi lehenago zabaldu zuten txosnen gunea, eta, lehen ekitaldi gisa, txosnak apaintzeko txapelketari ekin zioten. Giro ederra izan zen bertan ordu luzez. Plazan, berriz, erromeria hasi zen txupinazoaren ostean Luhartz taldearen eskutik. Atsedena hartu zuten gauerdi aldera, eta, orduan, Deabru Beltzak taldeak «Wolves» ikuskizuna eskaini zuen plazan bertan. Ostean, noski, erromeriari ekin zioten berriro ere.

Umeentzako jolas parkea

Bart ordu txikiak arte kalean izandakoek agian ez dute gozatuko gaur goizean goiz hasiko den kalejirarekin. Barinatxe txistulari taldeak, trikitilariek, erraldoiek, buruhandiek eta dantza taldeak kaleak alaituko dituzte.

Eguerdian umeentzako jolas parkea irekiko da eta bertaratzen direnek puzgarrietan aritzeko, Dino Racer zirkuituarekin gozatzeko edota goming egiteko aukera izango dute.

Haurrek eskalada egiteko aukera ere izango dute Iturrieta parkeko rokodromoan iluntzera arte. Leku berean, tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera emango zaie. Eguerdian, Latruim taldeak «Cajones» ikuskizuna antzeztuko du. Hiruretan amaituko da. Ondoren, plazan, dantza emanaldia eskainiko dute Sopelako Eguzkilore eta Algortako Itxartu taldeek.

Iluntzean kaleko ikuskizunak eta ume eta gazteentzako erromeria antolatu dituzte Iturrieta parkean Deabru Beltzak taldearekin. Hamaiketan hasiko da berbena txosnetan. Bertan, Trikizio taldea arituko da.

Ostegunean, umeentzako parkea eta tailer ugari izango dira Iturrieta parkean. Iluntzean, «Il Cicreto» kale ikuskizuna izango da herrian zehar; Udaletxeko plazan, berriz, Gansoren «Mediopelo» lana ikusteko aukera izango du bertaratzen den orok. Ostean, Free Radikal dantza taldea taularatuko da. Tartean, tabernetan zehar hasieran eta Eleizalde plazan gero, Bilbotarrak taldeak emanaldia eskainiko du.

Txosna gunean talde lokal bat, Molikote eta Zea Mays ariko dira. Kontzertua gaueko hamaiketan hasiko da.

Udaletxeko plazan, azkenik, erromeria izango da Izargi taldearekin.

Pregoia

«Hainbat hemen alai eta pozik. Hainbestek gura izan eta ezin. Sopelatik zapiekin sortutako olatuaren aparra zirrikitu guztietan zabalduz, hementxe gura doguz dan-danak zapiak jantzita Sopelan eta geure jaixetan», esanez hasi zen Aitxu! euskara taldeak irakurri zuen pregoia.

Zapia eta kantua

Aitxu!-k zapi koloretsua banatu zuen, eta, aldarri eta txupinaren ostean, «Jaso dezagun euskara» 1999ko Nafarroa Oinez jaiko abestia kantatu zuten bildutakoek. Aurretik, kantuaren letra banatu zuten.

Jolasak

Umeentzako jolas parkean, besteak beste, puzgarrietan jolasteko edota goming egiteko aukera izango da. Iturrieta parkeko rokodromoan, berriz, eskalatzeko parada izango dute haurrek.

Kontzertua

Txosnetan herriko talde bat, Molikote eta Zea Mays arituko dira ostegunean gaueko hamaiketatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo