GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pilota eta bertsoak elkartuko dituzte Atxondoko jaietan

Pilotariak jokoan ari direla Xabier Amuriza eta Eneko Abasolo «Abarkas» bertsolariak kantuan arituko dira Atxondoko frontoiko kontrakantxan. Ekimen berezi honek itxiko ditu Durangaldeko herriko San Pedro jaiak. Aurreko egunetan, adin guztientzako eskaintza egongo da. Umeentzako jolasak, kontzertuak gazteentzat eta lehiaketa gastronomikoak.

p023_f02.jpg

Beñat ZARRABEITIA | ATXONDO

Atxondoko San Pedro jaiak bertan dira eta aurten ere egitarau parte-hartzailea dakarte. Adin eta gustu guztientzako ekimenak prestatu dituzte atxondarrek. Umeentzako jolasak, rantxerak, rock doinuak, bertsolariak edo pilota partida profesionalak izango dira, besteak beste. Azken bi jarduerak saio berean ikus eta entzuteko aukera bitxia izango da frontoian gainera.

Datorren uztailaren 3an, Eneko Abasolo Abarkas eta Xabier Amuriza kontrakantxan kantuan arituko dira pilotariak lehian ari diren bitartean. Aurreneko partidan, Uriartek eta Fuentesek Zuheros eta Landabururen aurka jokatuko dute. Gero, aski ezagunak diren pilotari profesionalak arituko dira. Pablo Berasaluze eta Sainz berriztarrak Eugi eta Goñi III.aren kontra lehiatuko dira.

«Ellas bailan solas» antzezlana

Gaur bertan, tailerraren eta bizikleta-poteoaren ondoren, pregoiaren txanda izango da. 19.30ean, udaletxeko balkoian, Asuntze mendi taldeari egokituko zaio aurtengo pregoia irakurtzea. Gero, txopo handiaren -jaietako ikurra- igoera eta sardina jana. Gauean, parrandazaleentzat, karaokea gaztetxean.

Umeek protagonista izango dira bihartik aurrera. 17.00etatik aurrera, udal ludotekan «Txorimalo» antzezlana izango da. Euskal dantzen ondoren, Gaztetxean kontzertuak, Ghetto eta Ekaitz taldeekin. Aurrenekoek «Dusty song» euren azkeneko lana aurkeztuko dute. Horretan, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren «Inork agintzen ez didalako» poemaren bertsio musikatu bat aurki daiteke.

Txikienentzako jarduerek segida izango dute ostiralean. Horiek horrela, San Pedro Txiki egunean, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara, umeentzako puzgarriak eta jumping-a izango dira. Eguerdian, erretiratuek urteroko bazkaria izango dute; arratsaldean, Pikor konpainiaren eskutik «Ellas bailan solas» kale antzerkia, eta gero, masaje tailerra gimnasioan.

Kontzertuak uztailaren 1ean itzuliko dira. Kasu honetan Kilauea, Sermond's eta Sostendunek herriko taldeak taula gainean arituko dira. Rantxerak gustuko dituztenek, berriz, Arantza eta Pantxoren emanaldiaz gozatzera joan daitezke. Bikote honen kontzertua patata tortilla eta bakailao txapelketak bukatu orduko hasiko dira.

Ekimenez beterik iritsiko da uztailaren 2a, Gazte Eguna. Atxondar guztiei mozorratuta irteteko deialdia egin diete, eta 13.00etan Gaztetxean poteoa egongo da. Paella janaren ostean, gazte olinpiaden txanda izango da.

Arratsaldean, Motxallaband elektrotxarangak Herriko Plazatik abiatuko den poteoa alaituko du. Gauez, kontzertuak izango dira gaztetxean. Gazte Itzala punk taldea, Zaparrada baionarrak eta Gozo Gozo erromeria taldea arituko dira. Suek eta euskal preso eta errepresaliatu politikoen aldeko kalejirak amaiera emango dio egunari.

Igandean oraindik indarra geratzen zaienentzat, eguerdian umeentzako pilota partidak izango dira eta bazkalostean, mus eta igel txapelketak. Arestian aipatutako pilota eta bertso saio bereziaren ondoren, jaiei amaiera emateko, saiheski jana egin eta gero, sanpedroei errepasoa emateko bideo emanaldia izango da gaztetxean.

san pedro txiki

Etzi San Pedro Txiki eguna ospatuko dute Atxondon. Umeak izango dira protagonista. Egun osoan, eurentzako jolasak, jumping-a eta puzgarriak egongo dira.

kontzertuak

Ghetto, Ekaitz, Arantza eta Pantxo, Kilauea, Sostendunek, Sermonds, Gazte Itzala, Zaparrada eta Gozo Gozo musika taldeak arituko dira aurten Atxondoko jaietan.

Hondartza irudikatuko dute Gazte Eguneko mozorroekin

Datorren larunbatean, uztailak 2, Gazte Eguna ospatuko dute Atxondon. Bertan, deialdi oso berezia egin dute herriko gazteek. Parte-hartzea handitzeko asmoarekin, mozorrotzeko deia egin dute Atxondon. Ez edozein mozorroekin gainera. Izan ere, hondartzarekin zerikusia duten mozorroekin kalera irten beharko baitute gazteek.

Hortaz, kostatik urruti dagoen Atxondo toalla, bainujantzi, eguzkitarako krema, sandaliak, txankletak, betaurrekoak edo sonbrillak nagusi izango dira Gazte Egunean. Piura hauekin, lehen hitzordua Gaztetxetik abiatuko den poteoan izango dute. Ondoren paellada, Gazte Olinpiadak, kale animazioa, elektrotxaranga, beste poteo bat eta erromeria izango dira. Gazte Egunari bukaera emateko, euskal preso eta errepresaliatuen aldeko kalejira izango da. B. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo