Softbol taldeko neskek eman diete hasiera San Pedro jaiei, txupina jaurtita
Softbol taldeko neskei egokitu zitzaien atzo San Pedro festen hasierako txupina botatzea. Duela hilabete jokatutako Estatuko txapelketan garaile izan ziren gazte mailakoak eta bigarren postua lortu zuten kadete mailako jokalariek. Atzo, udaletxeko balkoian, herritarrek euren esker ona adierazi zieten txaloka. Era honetan ekin zieten oriotarrek ostiralera bitartean iraungo duten ospakizunei.
Xole ARAMENDI | ORIO
Duela bi urte gertatu bezala, herriko softbol taldeko ordezkariek bota zuten sanpedroen hasierako txupina udaletxeko balkoitik.
Herritarren txaloak gustura hartu zituzten jokalariek, urte osoan egindako lanaren ordainetan. «Lan handia dago atzean. Beheko mailetatik hasi behar duzu, eta kirol asko daudenez, zaila da haurrak eta gazteak animatzea», azaldu zuen txupina bota aurretik Elena Etxeberria lehendakariak.
Joan den maiatzean jokatu zen Espainiako Txapelketa, herrian bertan. Gazte eta kadete mailako neskek parte hartze arrakastatsua izan zuten, Orioko klubaren harrobiak maila ona duenaren adierazle. «Hor gabiltza», esan zuen irribarrez Etxeberriak. Gaur egun, 50 haur, gazte eta heldu dabiltza klubaren inguruan.
Senior taldeak Ohorezko Mailan -Estatuko maila gorena- jokatzen du eta bertako jokalaria ere bada Etxeberria.
Softbola kirol ezezaguna da askorentzat, baina indar handia du Orion, arrauna eta futbola bezalako kirol hedatuen artean txoko bat egitea lortzeraino. «Kirola ezagutzen dute eta lortzen ditugun garaipenen berri ere izaten dute; besterik da jokatzen jakitea», dio.
Datorren abuztuan erronka berezia dute, Europako Txapelketa jokatuko baitute Bulgarian. Horren aurretik, uztailean, Erreginaren Kopan arituko dira lehian Madrilen.
Herri afaria
Egitarauan prestatutako ekitaldi sortaren barruan trikitixa txapelketa egingo da bihar, bigarren urtez. Iaz bezala, bost bikote igoko dira agertokira, guztiak 19 urtez azpiko gazteak. Orduan txapela jantzi zuten Itsaso eta Irune Elizagoien etxalartarrak bertan izango dira. «Joan den urtean abiatu ginen, erantzuna ona izan zen eta jarraitzekotan gara», kontatu zuen Imanol Urkizuk.
Iazko arrakasta ikusita, herri afaria ere egingo dute egun berean, plazan. Udalak jarriko du azpiegitura -mahaiak, aulkiak...-, baita herritarrek etxetik daramatzaten jakiak prestatzeko parrilla ere.
Ostiralerako, berriz, triatloia antolatu du ikastolak.
«Lan handia dago atzean. Beheko mailetatik hasi behar duzu, eta, kirol asko daudenez, zaila da umeak eta gazteak animatzea», azaldu zuen Elena Etxeberriak.
Gazteen trikitixa txapelketa egingo dute bihar, bigarren urtez. Bost bikote arituko dira, guztiak 19 urtez azpiko gazteak.
Iazko arrakasta ikusita, herri afaria ere egingo dute. Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu plazan, baita herritarrek etxetik daramatzaten jakiak prestatzeko parrilla ere.