GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beñat Solabarrieta: «Festen antolakuntza ezaguna zaigu»

Lasaitasunez bizi ditu Beñat Solabarrietak alkate aulkian esertzeak berekin dakartzan berritasunak. Aginte postuetatik ez bada ere, batez ere aisialdi esparruan urte luzez egindako lanak udaletxearen dinamika ezagutzen lagundu dio. Esperientzia horrek lagunduta egingo dio aurre hurrengo jaien antolakuntzari, oraingoan denbora urria izan baitu.

Xole ARAMENDI | ORIO

Alkate aulkiaz jabetuta, lanean aurkitu dugu Beñat Solabarrieta. «Egokitzapenaren ondoren, lanean hasiak gara», esan du Bilduko ordezkariak.

Lehen aldiz biziko ditu sanpedroak alkate gisa. Nolanahi ere, eta agintari karguan ez bada ere, oso gertutik ezagutzen du jaien antolakuntza. «Festen antolakuntza ez zaigu ezezaguna zaigu egiten; izan ere, orain arte herrigintzan aritutako jendea gara Udaleko alkatetza hartu dugunok», azaldu du.

Beñat bera Txurrumuski aisialdi taldean urte luzez aritutakoa da. Jarrera bera mantentzen duela nabarmendu du. «Partehartze prozesuan ari zarenean, bai Udalean bai elkarte batean, hitza bera da eta planteatu daitezkeen egitasmoak ere bai. Agian, orain arte egindakoari esker udaletxearen dinamikaren ezagutza handiagoa daukagu. Batzuetan kanpoan egoteak asko laguntzen dio barrukoari eta alderantziz ere bai; bi ikuspegiak dira baliagarriak».

Haur, gazte zein adinekoei begira prestatu da sanpedrotarako egitaraua. «Aurten sanpedroak aste tartean egokitu dira, eta hori kalterako da, herritar askok kanpoan egiten baitu lan. Egitaraua herritarrei egokitutakoa da: goizak haurrei eta erretiratuei zuzenduta egongo dira eta arratsaldeko ekitaldiak bultzatu dira gehien bat», azaldu du.

Jai egitarauaren gehientsuena aurretik zehaztuta zegoen eta ez dute kasik denborarik izan ezer berririk antolatzeko. «Astebeteko epea, oso mugatua izan dugu ekarpenak egin ahal izateko. Danborradan parte hartzeko dei zabala egin dugu eta azkenean 60 pertsona animatu dira», kontatu du Solabarrietak.

Aurrera begira, herriko arrantzaleek protagonismo berezia izan dezaten lortu nahi dute. «Sanpedroak bereziak dira arrantzaleentzat Orion eta festen ondoren ateratzen dira atunetara. Etorkizuneko gure sanpedroen formulazioan azpimarratu nahi dugu kolektibo honen gainean egin behar den lanketa», adierazi du.

Orioko alkatearen iritziz, horretarako denbora ezinbestekoa da, baita herritar guztien arteko parte hartze prozesua abian jartzea ere.

Sanpedroen antolakuntza prozesuan herritarren parte hartzea hobe daitekeelakoan dago, eta horixe dute helburu sanikolasei begira. Aurrera begira, oriotarrentzat hain kutunak diren jaiak ditu buruan. «Neguko eguraldi hotzak ez du askorik laguntzen kalean ibiltzen, baina esfortzu berezia egingo dugu eta aurtengoak herrikoiak, herritik ateratakoak eta onak izango dira; hala espero dugu».

PARTE HARTZEA

«Festen antolakuntzan parte hartze prozesuan ari zarenean, bai Udalean bai elkarte batean, hitza bera da eta plantea daitezkeen egitasmoak ere bai», adierazi du Beñat Solabarrieta Orioko alkateak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo