GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendi lasterketa Hitzordua

Bero izugarriak ez zuen Camille Extreme lasterketa ikusgarria zapuztea lortu

Abiatu ziren 285 korrikalarietatik 251k amaitu zuten 31,6 kilometroko ibilbide gogorra. Proba Euskal Mendizale Federazioko zein Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioko mendi lasterketen txapelketetarako baliagarria izan zen.

p036_f01_286x148.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Euskal Herrian antolatzen den mendi lasterketen egutegi oparo eta zabalak denboraldiaren erdia bete du dagoeneko. Deialdi ofizialei dagokienez, pasa den ekainaren 26an hitzordu oso garrantzitsua izan zen: Camille Extreme. Izan ere, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek Mendi Lasterketen Txapelketa bezala hartu zuten Izabakoa. Lasterketaren antolakuntza, urtero bezala, Izabako Kirol Elkarteari (Adi/Ike) egokitu zitzaion. Aldiz, bi federazioek (Euskal Mendizale Federazioa eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioa), bakoitzak bere aldetik, Izabako lasterketa aukeratu zuten beraien txapelketak joka zitezen.

Camille Extreme lasterketak jarraitzaile ugari izaten ditu, eta, aurten ere, deialdia arrakastatsua izan da. Ziur aski, aipatu ditugun txapelketek eragina izan zuten. Hala ere, goi mailako korrikalarien parte hartzea agian ez zen izan espero zena. Aurreratu dugu mendi lasterketen zerrenda oso luzea dela, eta, horren ondorioz zein «izarren» planifikazioa kontuan hartuta, hutsune batzuk izan ziren. Neska nagusien mailan, adibidez, Oihana Kortazar ez zen Izabako irteera puntuan izan. Eta harekin batera, beste lasterkari handi batzuk ere falta izan ziren bai nesketan bai mutiletan.

Alabaina, Camille Extremek 285 korrikalari bildu zituen irteera puntuan. Horiek guztiek jakin bazekiten proba gogorra zutela aurretik. Eta ez soilik antolatutako ibilbidearengatik. Jakin bazekiten igande horretan bero handia egingo zuela, eta iragarpenak, zoritxarrez, bete egin ziren. Afrikatik Euskal Herrira iritsitako hego haizeak termometroak 30 gradutik gora igoarazi zituen. Beroa ia ibilbide osoan sufritu behar izan zuten korrikalariek, baina, zorionez, Ezkaurre mendian behintzat tenperatura freskoagoak izan zituzten. Beroak gogor jo zuen, eta, ondorioz, bost korrikalarik lipotimia eta hidratazio arazoak izan zituzten. Besteren batek eroriko larria izan zuen, baina aparteko eraginik gabe.

Aurreratu dugun bezala, 285 lagunek eman zuten izena, eta horietarik 251 iritsi ziren «bizirik» helmugara. Antolatzaileak ere fin ibili ziren bero iragarpena ikusita, eta, ohiko zazpi anoa puntuez gain, gehiago ere jarri zituzten. Beroa nahikoa ez eta lasterkariek ibilbide izugarri gogorrari egin egin behar izan zioten aurre: 31,6 kilometro eta 2.040 metroko goranzko desnibela. Hori bai, zazpigarren ekitaldiaren ibilbideak aldaketa batzuk izan zituen, Izabako Kirol Elkartekoek asfaltoko hainbat tarte kendu eta mendi zein basoko beste batzuk jarri baitzituzten.

Beste datu esanguratsu bat ere azpimarratu behar dugu. Aurtengo ekitaldiak 200 laguntzaile izan zituen guztira. Horren harira, antolakuntzak ekitaldi guztietan laguntzen aritu diren boluntarioen lana aitortu nahi izan zuen omenaldi xume batean.

Txapeldun ugari

Camille Extreme proban gertatutakoa kirol ikuspuntu batetik aztertzerakoan, aipatu behar da beroak eragina izan zuela korrikalarien jardunean; baina, haatik, ez zuen zapuztu protagonistek eskainitako ikuskizuna. Ez ziren errekorrak hautsi, baina aipatu behar da hainbat lasterkarik eginiko lana txapela kentzeko modukoa izan zela. Mutil nagusien mailan, adibidez, Walter Becerra Ezkaurre mendia igotzen azkarrena izan zen. Nafarren mendatetik gailurrera bitartean dagoen tartea -3 kilometro eta 800 metroko desnibela ditu-, 33 minutu eta 43 segundo eskasetan egin zuen. Hain zuzen ere, Becerra izan zen Camille Extreme probaren garailea. Lasterketa ia osoa kontrolpean izan eta aise irabazi zuen. Garaileak 3.06.37 denbora egin zuen; bigarrena Jokin Lizeaga izan zen 3.38ra eta hirugarrena Mikel Iridin 6.28ra. 209 korrikalarik zeharkatu zuten helmuga puntua.

Mutiletan bezala, nesketan ere irabazleak, Izaskun Zubizarretak, ez zuen apenas arazorik izan proba poltsikoratzeko. Izaba-Ezkaurre-Izaba ibilbidea egiteko 3.52.02 denbora behar izan zuen. Haren atzetik, 9 minutura, Aitziber Ibarbia sailkatu zen. Hirugarren postua Isabel San Juanentzat izan zen; Zubizarretak 12 minutu eta 12 segundo atera zizkion. Hamabi neskek bukatu zuten lasterketa.

Beteranoen mailan, bestalde, garaipena Lake Oiarbiderentzat izan zen mutiletan eta Zubizarreta berarentzat nesketan. Horiez guztiez gain, gazteenek ere beren tokia izan zuten; hain zuzen ere, 23 urtez azpikoek. Nagusiek ez bezala, gazteek ibilbide motzagoa izan zuten, 14,5 kilometrokoa. Zurizan hartu zuten irteera, Ezkaurrera jo zuten zuzenean, eta, gailurra zapaldu ondoren, Izaban zuten helmuga puntua. Mutiletan, ibilbide horretan azkarrena Iñigo Unanue izan zen, 1.46.06 denborarekin. Bigarrena Josu Erkizia izan zen 10.30 minutura eta hirugarrena Javier Makua ia 40 minutura. Nesketan korrikalari bakarra izan zen: Leire Fernandez.

Arestian aipatu dugu bezala, Hego Euskal Herriko bi mendi federazioek deitutako txapelketak jokatu ziren Izaban. Euskal Mendizale Federazioari dagokionez, seniorretan txapelak Becerra eta Zubizarretak jantzi zituzten. Bigarrenak Lizeaga eta Ibarbia izan ziren, eta, hirugarrenak, Idirin eta Amets Maiztegi. Beteranoetan, berriz, Zubizarreta eta Lake Oiarbide izan ziren irabazleak. 23 urtez azpikoetan, Erkiziak irabazi zuen. Eta, juniorretan, Unanuek.

Azkenik, Nafarroako Txapelketan, nagusien mailan, garaipenak Angel Arrieta eta Jone Pelaezentzat izan ziren. Bigarren postuan Rakel Beruete eta Javier Tirapu sailkatu ziren. Eta, hirugarrenean, Iñigo Esparza.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo