GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Ezkaurre igotzea oso gogorra izan zen»

p036_f02_123x104.jpg

Josu Erkizia | Korrikalaria

Lasterkari gazteak ere lehiatu ziren, eta, hein handi batean, fin ibili ere. 23 urtez azpiko Euskadiko txapeldunarekin, Josu Erkiziarekin, bi hitz egin ditu GARAk.

Orain arte batez ere iraupen eskian eta rolleskian lehiatu zara, eta aurten mendi lasterketetara egin duzu salto. Zergatik aukeraketa hori?

Entrenamendu modura hartu dut, batez ere neguan sasoi puntu bikaina izateko. Uste dut iraupen eskiko lehietan ondo jarduteko lasterketa hauek egokiak izango direla. Hasiera batean ez nuen Camillen parte hartzeko asmorik, baina, tira, lehia gustuko dut.

Lehia ezberdinak aipatu ditugu, aldaketarik nabaritu al duzu?

Neurri batean bai, baina oso gustura ibili naiz. Adibidez, asfaltoko proben aldean, nahiago ditut mendi lasterketak. Oro har, iraupen eskian bezala, lasterketa hauetan aldapa gogorrak igo behar dira, eta horietan ondo moldatzen naiz.

Dagoeneko lau mendi lasterketa egin dituzu, eta, aitortu behar da, lehen saioak izateko, oso ondo ibili zarela.

Hala da. Lehena Jaizkibelekoa izan zen, baina nahiko suabe joan nintzen. Aiako Harrian egin zena lehiatzera joan nintzen, eta gogorra egin zitzaidan. Ez nuen uste hain aurrean bukatuko nuenik. Lakuntzakoan ere kaña sartu nuen, eta denbora ona egin nuen. Lasterketa hori ere gogorra izan zen. Eta Camillen, bai, nire mailan, erabat lehiatzera atera nintzen. Aukera ikusi nuen, eta dena eman nuen. Nire aurkariek egindako proben emaitzak ikusi nituen, eta banuen erreferentziarik.

Esan daiteke mendi lasterketen sarean erori zarela?

Ez daukat oso argi. Oso gogorrak dira. Lehiatzen bazara, biharamuna nahiko izorratua pasatzen duzu, giharrak erabat kargatuta... Hala ere, gustuko ditut.

Zure lehen proba ofizialean, 23 urtez azpiko mailan, Euskadiko Txapelketa irabazi duzu. Zer moduz joan zitzaizun lasterketa?

Ezkaurre igotzea oso gogorra izan zen. Astebete lehenago han egon nintzen, eta uste nuen korrika igoko nuela, baina ezinezkoa izan zen. Goi aldean, gainera, harri asko dago eta ez da batere atsegina. Oso tarte teknikoak ditu, eta ni ez nago batere ohituta. Hori bai, oso proba polita da. Alabaina, paisaiaz gozatzeko ez nuen aukerarik izan. Bestalde, beroarekin ez nuen asko sufritu; ondo hidratatu nintzen.

Lasterketaren une batean bidetik irten eta denbora galdu zenuen. Azkenean, Iñigo Unanue juniorrak 10 minutuko aldea atera zizun.

Pena izan zen, harrapatuko nuela uste bainuen. Ez dakit gaindituko ote nuen, baina Unanue harrapatzeko zorian ibiliko nintzen. Ezkaurreko tontorrean hirugarrena nintzen, eta jaitsieran denbora murriztu nuen. Azken partzial onenak nik egin nituen.

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteko kide zara, eta jakin badakit mendi lasterketen taldea osatu duzuela.

Hala da. Duela hilabete eratu genuen, eta afizio bera dugun lagunak elkartu gara. Asmoa elkarrekin entrenatzea eta lasterketetara joatea da. Giro ona dago. Gainera, cvckorrika.blogspot.com sortu dugu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo