GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Bai, ados nago Zapaterorekin

Telebistan eman zuten Debate del Estado de la Nación delakoa ikusi nuen. Interes berezi bat banuen Zapateroren agurrekoa entzuteko, bereziki euskal auziaren ingurukoak aditzeko. Eta aitortu behar dut esan zuenarekin ia oso-osorik bat natorrela.

Bere hitzetan, sakrifizio asko eta disgustu andana suposatu zizkion bake prozesua eta negoziazio ahalegina «ETAren bukaeraren prozesua azkartzeko palanka» izan ziren. Damurik gabe, harrotasunez adierazi zuen.

Normala ikusten dut «ETAren bukaera» eta halakoak erabiltzea, hori lortzea baitu interes gorena eta norberak tximinoa nahieran polit-polit jantzi eta bere publikoan atsegin eta salgarri erakutsi behar duenez, ba tira, normal-normala. Baina Loiolako bake ahalegin hura eskemak iraultzeko palanka eta gauzak azkartzeko ezinbestekoa izan zela, bai, nik ere, Zapaterok bezala, hala uste dut, bai. Huts egin zuela baina ez zela antzua izan.

Sakrifizioa eta disgustuak ez dizkiot Zapaterori ukatuko. Ezta arriskatu zuela ere.

Alde guztietan heldutasun falta, harrokeria puntu bat eta akats larriak izan ziren. Baina irakurketa autokritikoa egin behar zen eta uste dut, ezker abertzaleari dagokionez bederen, zintzoa, zorrotza eta oparoa izan dela.

Eskemak zeharo aldatu dira, eta Loiola «palanka» izan da. Bake prozesua ez da egundo izanen ispilu bakarrean egiten den ariketa, hots, Estatuari soilik begiratuz egiten dena. Lehenbizi etxe barruan egin behar dela, aliatuekin gero, herriarekin eta nazioarteko komunitatearekin ikasi da, askotariko ispilu jokoa dela. Norbere azterketa, konbentzimendua eta erabakiak direla gakoak Estatuarekin adostutakoa baino. Aldebakar ekin behar zaiola Estatuarekin aldebikotasunerako aukerarik ez dagoenean, beste ispiluetan begiratu eta aldeaniztasunak biderkatuz. Azken buruan, indar harremanen kontua da, eta bai, indarra badago, metatua dezente eta metatzekoa are handiagoa.

Prozesua azkartu egin dela begi bistakoa da. Xibertako, Algerko, Lizarrako eta Loiolako saioen artean, gutxi-asko, hamar urteko tarteak izan ziren. Batzuk uste zuten porrotaren ostean errepikatuko zela, hamar urte itxoitea besterik ez zegoela. Ez dago horrelako fatalismorik. Azkar joan da, askok nahi baino geldoago, baina denbora politikoan, azkar.

Loiola joan zen eta bere uzta hor datza: eskuragarri. Baina itzuliko ez dena ez da itzuliko. Ezta Jose Luis Rodriguez Zapatero ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo