GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Koral hondoak: zoragarriak bezain arriskutsuak

Surf egiteko leku on askotan korala izaten da hondoan. Osagai bikaina da olatuei forma ematerako orduan, baina min ere egin dezake.

p040_f01_148x208.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Uda opor garaia da. Indonesia eta antzerako lekuetara surf egitera joateko sasoi ona ere bada. Beraz, asko izango dira dagoeneko aurten ere motxila prestatu eta uztailean edo abuztuan beste lurralderen batera olatu bikainez gozatzera abiatuko direnak.

Surflari batek, batez ere, honakoa bilatzen du: klima ederra eta olatu onak dituen lekua bat, eta, merkea bada, hobe. Olatu onak izateko, ordea, baldintza batzuk behar dira, eta, askotan, baldintza horiek arriskutsuago bilakatzen dute afera.

Munduko olaturik ezagunenak dauden leku askotan korala izaten hondoan eta hori ez da kasualitatea. Hawaii, Polinesia, Indonesia eta antzerako leku liluragarrietan baldintza ezin hobeak ematen dira surf egiteko, baina arriskuak ere izaten dira, eta arriskuetako bat koralarekin zauriak egitea izaten da.

Hondoan korala izaten den lekuetan, ohikoena honakoa izaten da: sakonera handiko leku batean koralez osatutako irla antzeko bat egotea. Uhina sakonera handitik koral plataformaren gainera iristean altxatu egiten da eta indar handiz lehertzen da, tubo famatua osatuz. Koral plataformak duen formaren arabera, olatu hobeak edo okerragoak, luzeagoak edo laburragoak izango dira.

Korala

Cnidaria banaketan eta Anthozoa klasean sailkatutako animalia txikiak dira koralak. Milimetro gutxi batzuk baino ez ditu. Itsasoko uretan disolbatutako kaltzioa bere ehunetan finkatzeko ahalmena dauka eta horrek sortzen ditu hain bereizi egiten dituen egitura forma anitzak.

Korala eta bere kaltziozko egitura zuriak dira. Korala dagoen lekuetako hondartzak zuri-zuriak izatearen arrazoietako bat horixe da hain zuzen ere. Koralek kolore ezberdinak hartzen badituzte, polipoekin sinbiosian bizi diren mikroalga batzuen eraginagatik da. Alga horiek, zooxantela izena hartzen dute. Zooxantela izeneko algek fotosintesia egin dezaten, garatzeko, koralak oso ur gardenak behar ditu.

Koralak animalia haragijaleak dira. Euren oinarrizko janaria zooplanktona izaten da. Ugalketari dagokionez, ugalketa sexuala dute koraletako batzuk, eta, besteek, asexuala. Gainera, espezie batzuetan, bi motak ematen dira. Zelula sexualak itsasora bidaliak izaten dira, guztiak batera, ilargiaren faseak edo itsasaldiak jarraituz. Ernalkuntza kanpoan gertatzen da, eta, hain ugaria denez, urak tindatzen ditu. Arrautza asko arrainen janari izaten dira, baina, hainbeste jartzen dituztenez, gehienek bizirik jarraitzen dute.

Zauriak

Tuboa izaten duten olatuetan oso hondo gutxi izaten da, gerrirainoko urik ere ez da izaten sarri; beraz, erortzen jakitea lagungarria da, nahiz eta oso zaila den. Hala ere, hondoan korala izaten den lekuetan ibiltzeko bada edonori oso lagungarri izan dakiokeen zerbait, eskarpinak. Alegia, uretako oinetako bereziak. Erortzerakoan edo itsasora sartu zein ateratzeko igaro beharreko lekuetan zauriak egitea ekidin dezakete.

Arriskuen aurrean ahalik eta ongien prestatu arren, batzuetan ekidinezana izaten da zauriak egitea. Izan ere, korala dagoen lekuetan zauriren bat egitea oso ohikoa da.

Korala izaki biziduna denez, bere zauria arriskutsuagoa da. Koralak mota askotariko bakteria eta toxinak izaten ditu, askotan bakteria ezezagunak gainera. Zauririk txikienak ere ondorio handiak izan ditzake, azalean dugun ehunduran erraz zabaltzen diren bakteriak izaten baitira eta horrek zauria ixteko prozesuak luze jotzea ekar baitezake. Koral zauriak oso mingarriak dira, eta, eragiten dituzten ubeldurek ere, ohiko zaurienak baino denbora gehiago behar dute ondo osatzeko.

Hona hemen adituen esanetan, koral zauri bat eginez gero egin beharrekoak.

Lehen gauza, zauria eta ingurunea ondo garbitzea da. Oso-oso ongi garbitu behar da zauria. Gutxienez hamar minutuz igurtzi behar da zauria ur gezarekin eta xaboiarekin. Askotan, zauria dagoeneko garbi dagoela uste dugu, baina, aldiz, bakteriak hor daude; horregatik, adituek, zauria ongi garbitu dugula uste arren, garbitzen jarraitzeko aholkua ematen dute. Hobe da garbitzen denbora gehiegi pasatzea gutxiegi baino.

Lehenik hilik daukagun hildako ehundura kendu behar dugu azaletik. Horretarako, ura irakiten jarri eta erabili behar ditugun guraizeak bertan sartuko ditugu; horrela bakteriak hilko ditugu. Bakteriek hildako ehunduraren ondoan edo azpian leku hartzeko ohitura dute. Zauria handia bada eta behar bezalako tresneria badugu, zauriaren eremua anestesia bidez lokar dezakegu; horrela eginez gero, min gutxiago eragingo digu garbiketa prozesuak. Garbiketa da garrantzitsuena. Behin azal hila kenduta, ur gezarekin eta xaboiarekin garbituko dugu zauria. Garbiketa eskuila bigun batekin ere egin dezakegu.

Zauriko gorridurak koralaren hautsa izaten du, eta, hori garbitzeko, lehenik peroxidoa bota zaurira, eta, gero, ur geza. Bost minutuz zaurian eragin eta oso ongi garbitu behar da.

Zauria itsusia bada, azido azetikoa erabili (ozpina), edo baita alkohol isopropilikoa ere, eta berriz ere ur gezaz garbitu zauria.

Egunero garbitu behar da zauria ur gezarekin. Jarraian, zauria bertan itsatsiko ez den zerbaitekin estali behar da.

Koralak eragindako zauria handia bada, hariarekin josi behar da, baina oso handia ez bada eta hariz jostea ekidin badaiteke, hobe da bestelako sistemak erabiltzea. Egun badira zauriak ixteko bestelako moduak, tira bidez itsatsita edo grapekin kasu. Helburua zauria ahalik eta garbien mantentzea eta gorputz arrotzekin ahalik eta kontaktu gutxien izan dezala da. Horregatik, ahoz hartzen diren antibiotikoak gomendatu ohi dira infekzioak ekiditeko. Infekzio zantzuak desagertu ostean ere bost egunez antibiotikoak hartzen jarraitzea gomendatzen da.

Besoan edo hanketan zauria izanez gero, burua baino gorago jarriko dugu zauri gunea, zauri gunera doan odol isuria apaltzeko.

Mina baretzeko azetaminophen pilula bat edo bi har daitezke lau orduro, eta bi ibuprofeno sei orduro.

Zauriaren gainaldean edo alboetan gorridura zabaltzen hasten bada, sukarra ager daiteke. Gorritasuna handituz gero eta sukarra agertuz gero, gaixotasun arriskutsua izan daiteke, heriotza ere ekar dezakeena; beraz, gorritasuna handitzen hasten bada, mediku baten laguntza beharrezkoa da. Ahalik eta azkarren gainera. Telefonoz bada ere, mediku batekin hitz egiten saiatu. Agian antibiotikoz aldatzeko esango dizu. Edozer dela ere, medikuak esandakoa lehenbailehen egitea komeni da.

Zauriaren arrastoak guztiz desagertzean eta esandako pausuak jarraitu ostean berriz ere itsasoratzeko moduan izango zara, baina betiere norberaren esku dago erabakia hartzea. Izan ere, ongi gaudela pentsa dezakegun arren, agian zauria ez dago oraindik ere behar bezala sendatuta.

Egin behar ez dena honakoa da: zaurian ginebra edo garagardoa botatzea. Kontuz ibili behar da zaurian botatzen dugunarekin. Esaterako, iodina/peroxidoa oso purua bada, gogorra izan daiteke. Zenbait produktu txinatarrek, berriz, merkurokromoa izan dezakete. Batzuek osagai hori ez dela txarra diote, baina badaezpada ere ekiditeko gomendioa ematen dute.

hondoak

Tuboa izaten duen olatuak hondo gutxi behar izaten du. Leku askotan ura gerritik behera izaten du surflariak, eta, gainera, hondoa koralezkoa izaten da. Beraz, oso erraza da zauri bat egitea.

prebentzioa

Zauria sendatzea baino hobe da aurrez neurriak hartzea. Hondoan korala dagoen lekuetan uretako oinetakoak erabiltzea oso lagungarria izan daiteke. Hala ere, batzuetan ekidinezina izaten da zauriak egitea.

zauria

Koral zauri bat sendatzeko garrantzitsuena garbiketa da. Bakteria bizidunak zabaltzen dira azaleko ehunduran eta horiek guztiak ezabatu egin behar dira. Bitarteko onena garbiketa on bat da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo