GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Surfean hasteko adin egokia?

10 urte bete arte haurrak itsasoarekin jolastu egin behar du, arriskurik gabe, bere mugak pixkanaka gaindituz. Kortxozko taulatxo bat nahikoa da 10 urte bete bitartean olatuak hartzen aritzeko.

Askotan galdetzen didate haur bat surfean hasteko adinik onena zein ote den. Normalean galdera luzatzen didana gurasoa izaten da, zehatzago izanda, aita. Nik garbi daukat bikote batek guraso izan eta proiektu bat izateko hautua egiten duenean, batez ere helburu batekin egiten duela egiten duena, alegia, «ea ni egiteko gai izan ez naizena nire seme/alabak egiten duen. Ni baino azkarragoa dirudi». Galdera horri ematen diodan erantzuna, beso artean duten haurtxoa ikusita, hauxe izaten da: «Sentitzen dut, lau hilabete bakarrik ditu eta oraindik goizegi da surfean hasteko, hamar bat urte itxaron beharko dituzu».

Egia esan, erantzuna bost axola zaie gurasoei, izan ere, galdera hori luzatu didaten 10 urtetik beherakoen guraso guztiak batuta, bat berak ere ez dit inoiz kasurik egin, eta diodana ez da nire iritzia, datu objektibo bat baizik. Nire ustez haur bat surf egiten hasteko adinik onena 10 urte betetzean da, eta hori ere erlatiboa da, haurraren gorpuzkera, izaera, gogoa eta beste hainbat faktore hartu beharko bailirateke kontuan, eta, betiere, surfa jolas moduan hartuta, ez modu lehiakorrean.

10 urte bete arte haurrak itsasoarekin jolastu egin behar du, arriskurik gabe, bere mugak pixkaka gaindituz. Kortxozko taulatxo bat nahikoa da 10 urte bete bitartean olatuak hartzen aritzeko. Haurrak berak erabakiko du taulatxoari zein erabilera eman, etzanda joan, zutik jartzen saiatu, edo dena delakoa. Bere irudimen, abilezia eta ausardiaren araberako pausuak berak emango ditu. Baina, nola ulertarazi hori, Freuden faseen arabera, gurasoak haurra bera baino fase bat atzeratuago daudenean? Alegia, haurrak, uzkiaren fasea, ahoko fasea eta abar gaindituak ditu. Gurasoak, aldiz, ahoko fasera itzuli dira berriz ere. Behatz bat mingain azpian, begirada zerurantz zuzenduta eta aho zabalik ametsetan daude.

Gero, gure aiton-amonen ahotan zentzua zuten baina egungo gurasoen ahotan inongo zentzurik ez duten esaldiekin hasten dira; «badakizu, nire seme/alabak nik izan ez nituen aukerak izatea nahi nuke», eta antzerakoak. Zuk izan ez dituzun abileziak izatea edo ez izatea, gauzak ikasteko zuk behar izan zenuena baino denbora gehiago edo gutxiago behar izatea eta antzerakoak gauza bat dira. Oso bestelako kontua da, ordea, aukeren afera, egungo gurasoek euren haurrek dituzten aukeretako asko eskura izan baitzituzten, unibertsitatera joateko aukera kasu.

Orain gutxi irakurri dudan testu batean oso ongi deskribatzen da haur batek surf egiten ikasteko eman beharreko pausuak zeintzuk diren eta nola eman behar dituen. Alegia, pixkanaka, talde giroan eta jolas moduan. Aurrerantzean galdera luzatzen didaten guraso arriskutsu horiei testu hau emango diet erantzun moduan. Horra.

XIX. mendean, Sofia Cracroft eta Lady Franklin turista ingelesak Hawaiiko errege izango zen Kalakuarentzako antolaturiko kirol ikuskizun batera gonbidatuak izan ziren. Ingalaterrara bidali zuten gutun batean ikuskizunaren berri eman zuten. Irlako gizon-emakumeek zurezko taulekin olatuak nola hartzen zituzten azaltzen zuten. Azalpenaren atal batean haurrak aipatzen dituzte. Pasarte bitxia da: «Kostaldean bizi diren biztanle guztiak eroso daude bai lurrean baita itsasoan ere, eta oso gustura daudela dirudi. Haurrak oso azkar hasten dira itsasoratzen, 3 edo 4 urterekin. Itsasbazterretik hondartzarantz korrika egiten ikus daitezke. Adinean aurrera egin ahala geroz eta gehiago sartzen dira, dantzan bezala; olatua itsasbazterrean lehertzera doanean, makurtu egiten dira, eta, orduan, olatuaren aparra haien gainetik iragaten da. Eta adin pixka bat gehiagorekin, igerilari trebeak direnean, egurrezko oholtxoak dituzte olatuak hartzeko. Goizean nahiz eguerdian ikus daitezke haurrak itsasoan, garrasika, jolasten, buruz salto egiten edo haitzetatik jauzika, urpean igeri egiten eta baita buruz behera hankak mugitzen ere. Hamaika akrobazia egiteko gai dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo