GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Euskal Herriko Txapelketa

Lau faboritoek lortu dute Pikoketan aritzeko txartela

Lizaso, Arteaga, Kanflanka eta Alkorta izango dira final handian aurrez aurre txapela lortzeko lehian.

p032_f01_199x120.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan herenegun Aizarnan jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan, eta Juan Joxe Lizasok, Jon Kanflankak, Arkaitz Arteagak eta Mikel Alkortak lortu zuten datorren igandean Pikoketako finalean aritzeko txartela.

Zortzi segalari aritu ziren herenegun Aizarnan, lau multzotan banatuta, eta ordu erdi izan zuten lanean aritzeko. Amaieran kilorik gehien ebakitzen zuenak lortzen zuen garaipena.

Lehen kanporaketan, Arteaga, Kanflanka, Intxaurbe eta Pardo lehiatu ziren. Ordu erdi lanean aritu ostean, Arteagak lortu zuen garaipena 1.106 kilo belar moztu ostean. Bere atzetik Jon Kanflanka sailkatu zen 1.079,5 kilo moztuta. Bi horiek lortu zuten, beraz, finala jokatzeko txartela. Hirugarren, berriz, Intxaurbe sailkatu zen 924,5 kilo moztuta, eta, laugarren, Pardo 774,5 kilo moztuta.

Faborito nagusia

Bigarren txandan aritu zen Juan Joxe Lizaso, lehiaketa irabazteko faborito nagusia. Asteasukoak bere multzoan irabazi egin zuen, eta, hala, erraz egin zuen finala jokatzeko bidea. Gainera, berea izan zen arratsaldeko markarik onena, nahiz eta ez zion tarte handia kendu Arkaitz Arteagari. Guztira 1.174,5 kilo moztu zituen.

Lizasoren atzetik Mikel Alkorta sailkatu zen, eta honek 1.19,5 kilo moztu zituen. Hirugarren postuan Etxeberria sailkatu zen 1.070 kilo moztuta, eta, azkena, berriz, Larrañaga izan zen 676 kilo moztuta. Berea izan zen arratsaldeko markarik eskasena.

Belarra, gainera, txukun moztu behar izaten da, bestela zigorrak egoten baitira. Aldiz, lehian aritu ziren zortzi segalariek lan hori oso ongi bete zuten, Alkortari bakarrik ezarri baitzioten zigorra; asteasuarrari 20 kilo kendu zizkioten zigor bezala. Hala ere horrek ez zion eragotzi finalerako txartela lortzea, eta bertan izango da.

Finala datorren igandean jokatuko da Oiartzunen, Pikoketako belardietan. Lizaso, Kanflanka, Arteaga eta Alkorta izango dira Pikoketan. Iazkoarekin alderatuta, errepikatuko duen bakarra Kanflanka izango da, aurten ez baitira lehian aritu ez Ormaetxea egungo txapelduna ez Mariñelarena ere.

Irabazteko faborito nagusia, berriz, Lizaso izango da. Finaleko zaharrena izango da, baina Gipuzkoako betiko erako eta azkartasuneko txapelak jantzi ditu aurten dagoeneko.

Gipuzkoarrak nagusi izango dira finalean

Segak Gipuzkoan duela indarrik handiena ez da inongo sekretua, eta, hori baieztatzeko, datorren igandean Oiartzunen jokatuko den finalean herrialde horrek izango du gehiengo nabarmena. Lau segalaritik hiru gipuzkoarrak izango dira: Lizaso, Arteaga eta Alkorta. Nafarroak, berriz, ordezkari bat izango du. Hain zuzen ere, Jon Kanflanka izango da herrialde horretako ordezkaria. Finalerdietako bi multzoetako irabazleak ere Gipuzkoakoak izan ziren, eta, hortaz, gipuzkoarrei txapelak ihes egingo balie ezuste handia izango litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo