GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Kronika | Euskal Herria zuzenean festibala

Afrikar iraultzaren doinu beltzek musika haziak erein dituzte Heletako pentzeetan

Euskal Herria Zuzenean festibala handitzen doa edizioz edizio. Aurtengoan iazko kopuruak aise gainditu ditu jaialdiak; hala, guztira 20.000 lagun inguru pasa dira Heletan prestaturiko guneetatik aukeran zituzten 50 musika proposamenekin gozatzeko.

p052_f01_148x88.jpg

Koldo OTAMENDI
 
Igandeko egitaraua musikalki lasaia izaten da EHZ festibalean. Normalean, rocka eta musika oldarkorrak alde batera utzita, erritmo jamaikarrak, reggae giroa eta  kultura ezberdinen arteko mestizajea izaten dira nagusi festibaleko azken egunean. Aurtengoan ere horrela izan da. Arratsaldeko laurak jo bezain pronto, Prowpus Kovic taldeak zabaldu zuen eskaintza atzokoan agertoki nagusian. Goran Bregovicen orkestrak ostiral gauean egin bezala, erritmo balkandarrak lantzen ditu banda honek. Bi euskal talde taularatu ziren ondoren. Hurrenez hurren, Norte Apache eta Betagarriren musikak entzun ahal izan genituen. Lehenek hip hop doinuekin bete zuten Heleta, eta, gasteiztarrek, ska-rock patxangeroari egin zioten leku. Giro horietatik gertu, Bongo Botrakok mestizajearen festa ekarri zuen Heletara. Bartzelonako bandak, La Pegatina bezalako taldeek irekitako bidean sakonduz, berezko nortasuna duten kantak egiten ditu. Bihotzak alaitzeko melodia egokiak taularatzen ditu, festara animatzen duten erritmo biziak.
 
Hala ere, atzo arratsaldeko izarra Boli Kostako Tiken Jah Fakoly musikaria izan zen. “African revolution” izena darama musikariaren azken diskoak, eta izenburua ezin egokiagoa da musikariaren jarduna azaltzeko. Reggae giroak, sustraidun musika beltzak eta hitz aldarrikatzaileek osatzen dute Facolyren eskaintza. Urteetan sartua izan arren, agertokia ongi menderatzen duela erakutsi zuen, alboan zuen banda bikainaren laguntza ezinbestekoa izan zuelarik horretarako. Iluntzen astearekin batera, eguneko azken bi proposamenen txanda iritsi zen. Hain zuzen ere, ZEP eta La Phaze taldeen emanaldiekin amaitu zen hamaseigarren EHZ jaialdia.
 
Musika eta irudia
 
Larunbat gauean, berriz, bestelako doinuak izan ziren nagusi. Azken urte hauetan musika industriak bizitako iraultzak, kantuak konposatzeko orduan ere moldaera berriak ekarri ditu. Baxu, gitarra eta bateriaz haratago, musika sortzeko bide berriak garrantzi handia hartzen ari dira. Ordenagailuak, sekuentziadoreak, sanplerrak edo aurrez grabaturiko erritmoak toki nabarmena hartzen ari dira musika proposamen berrien artean. Era berean, zuzeneko kontzertu bat prestatzeko orduan, geroz eta gehiago zaintzen da ikuskizun bisuala, musikak doinu eta erritmo aldetik eskaintzen duena irudi eta efektuekin aberastuz. Bide horretan koka dezakegu Shaka Pong edo Chinese Man musika egitasmoen jarduna.  
 
Euskal musika taldeek toki berezia izan zuten Urbeltzeta gunean The Rodeo Idiot Engineren hardcore bortitzaren eta Atom Rhumbaren eskutik. Azken horiek agertoki handian aritzea merezi zutela frogatu zuten, zirku karpan eskainitako saio indartsu eta bikainak oihartzun handiago merezi baitzuen.  
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo