«Udalaren diru laguntzekin ezin dira komunak jarri ere»
Auzotarrok elkarteko ordezkaria
Hainbat urtez Santutxuko Jai Batzordean lanean aritutakoa da, eta orain Auzotarrok Kultur Koordinakundean dihardu. 2000. urtean jaiotako egitasmo honen helburua Bilboko auzo ezberdinetan kultur ekitaldiak sustatzea da.
Zergatik dira beharrezkoak Santutxu bezalako auzoetako jaiak?
Auzoak bizirik mantentzeko; ez dugu nahi herritarrak auzoetan lo egitera mugatzea. Kultura sustatzea da gure helburua, jendea mugiarazteko, elkar ezagutzeko... Auzoak eraiki egin behar dira eta jaiek aukera bikaina eskaintzen dute horretarako. Auzoetan eskaintza kulturala urte osoan zehar egotea da helburua, jendearen parte-hartzea bultzatu eta auzoaren parte dela sentiarazteko.
Zerk ezberdintzen ditu auzoetako festak beste jai batzuetzatik, Aste Nagusirako Bilbon prestatzen den egitarautik, esaterako?
Auzoetan Bilboko konpartsek egiten duten bezala herritarrak dira ekitaldiak proposatu, pentsatu, antolatu eta gero parte hartzen dutenak. Beste jai ereduetan Udalek erabakitzen dute egitaraua normalean eta parte hartzea eskasa izaten da, ikuskizunak antolatzera mugatzen baitira askotan. Herriak ez du ezer antolatzen eta ikusle hutsa bilakatzen da. Auzotarrok-etik aldiz, herritarren parte hartzea da bultzatzen duguna.
Nola antolatzen dira Santutxuko jaiak bezalako ekimenak?
Lan pila dago egiteko. Santutxun Jai Batzorde bat dago, eta hor pertsona independenteek eta elkarteek parte hartzen dute. Ardurak zehazten dira eta ondoren dena joaten da antolatzen: azpiegiturak, ikuskizunak, lehiaketak... Jendeak ezer kobratu gabe lan egiten duela, auzoaren onuraren alde laguntzeko prest dagoelako.
Bilboko Udalari askotan leporatzen zaio erdiguneaz bakarrik kezkatzen dela eta auzoak baztertzen dituela. Zein da Udalaren jarrera auzoetako festekiko ?
Lotsagarria eta penagarria da Udalaren jarrera. Ematen duten diru laguntzak ez du komunak jartzeko ere ez balio. Urtero murrizketak gertatzen ari dira, ez bakarrik jaietan, ihauterietako laguntzak kendu dituzte ere. Santutxuk esaterako, aurtengo ihauterietan ez dira egon umeentzako ekitaldietarako laguntzak ezta berbena ordaintzeko ere ez.
Nola ikusten duzue Bilboko auzoetako jaien etorkizuna?
Jendearen afluentzia ziklikoa da, modaren araberakoa. Baina jendea lan egiteko prest ikusten dugu, azkenean bere auzoa maite duenak jaiak egotea nahi du-eta.
M. A.